Arroparen eta oinetakoen kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina bat jarriko du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Azaroan eta abenduan gauzatuko dute egitasmoa; herritarren kontzientzian eragiteko hainbat jarduera egingo dituzte bi hilabete horietan.
Aian, Orion, Zarautzen, Getarian eta Zumaian, edukiontzien ondoan informazio puntuak jarriko dituzte. Horrekin erabiltzaileen artean arropa gaika biltzeko eta arropa berrerabiltzeko kontzientzia piztu nahi dute, UKUEko ordezkariek esan dutenez. Gainera, eskuragarri dauden bilketa puntuen berri ere emango dute puntu horietan, herritarren zalantzak argitzeko xedez.
Bestalde, saltokietana arropa biltzeak dituen abantailez ere ohartarazi nahi dute. Izan ere, UKUEkoen arabera, puntu horiek ugaritzeak "erabateko eragina" du arroparen birziklapenean eta berrerabileran. Halaber, arropa biltzeko kanpainaren zozketa ere egingo dute, eskualdeko herritarrak arropa berrerabiltzera eta arropa hondakinak modu egokian kudeatzera bultzatzeko.
Moda jasangarria bultzatzen duten eskualdeko sortzaileekin egindako kolaborazioekin borobilduko dute kanpaina. Hain zuzen ere, Jessica Gonzalez Silva We are Brinco markaren jabeak eta Jon Alkain Ural markaren jabeak bat egin dute kanpainarekin, eta horiek sare sozialetan sustatuko dute UKUEk martxan duen kanpaina.
Hiru kanpaina
Prebenitu, berrerabili eta birzikatu lelopean, UKUEk hiru kanpaina gauzatuko ditu ikasturte honetan. Lehena izango da arroparen kontsumo arduratsua oinarri duena, baina beste bi etorriko dira atzetik: auzo konpostari nahiz elikagaien xahuketari eta etxeko hondakinen birziklapenari lotutakoak.
Kanpaina horiei edo kanpaina horien barruan egingo dituzten jarduerei buruzko informazioa nahi duenak 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu, hondakinak@urolakosta.eus helbidera mezua idatzi edo UKUEren webgunean nahiz sare sozialetan egin dezake kontsulta.