Euskaraldia 2025

Euskaraldiaren enbaxadore izango den hamaikakoa aurkeztu dute

Iraia Oteiza 2024ko aza. 7a, 13:25

2025eko Euskaraldiko enbaxadore taldea. (Euskaraldia)

Euskal Herrian ezagunak diren hamaika pertsonarekin osatu dute aurtengo Euskaraldiaren enbaxadore taldea. Herritarrak euskararen erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatzea izango da hamaikakoaren egitekoa. Datorren Euskaraldia 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da, eta parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen.

Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute gaur, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Besteak beste, komunikazioan, kirolean, musikan zein sukaldaritzan aritzeagatik Euskal Herrian ezagunak diren hamaika pertsonarekin osatu dute laugarren Euskaraldiaren enbaxadore taldea. Ekimenaren koordinatzaileek azaldu dutenez, talde "anitza" osatu dute, "inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldian parte hartuko duena".

Honako hauek osatzen dute 2025eko Euskaraldiko enbaxadore taldea: Eneko Atxa sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Aitor Bengoetxea musikari eta break dantzaria, Lutxo Egia idazlea, Eneko Garcia (Albina Stardust) trabestia, Ana Goitia kazetaria, aurkezlea eta umoregilea, Itziar Ituño aktorea, Roberto Moso komunikatzailea, Zibel Untsain dantzaria, Esti Urresola zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea pilotaria.

Euskaraldiaren laugarren edizioaren Elkar mugituz egingo dugu leloarekin bat eginez, hamaikakoa osatzen dutenek euskararen erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. Halaber, enbaxadore diren heinean, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbitea luzatuko diete.

Zergatik eta zertarako

Euskaraldiaren hurrengo ariketa 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean izango da, lehen aldiz, udaberrian. Edizio berrian, Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleratzea izango da egiteko nagusienetakoa. “Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta”, azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak. 

Jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak honakoak dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea –elkarrizketa elebidunak–; eta euskaldunak euskaldunari, beti, euskaraz egitea. “Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan –ulertzen gaituzten guztietan– euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu”, azpimarratu nahi izan du Urkijok.

Euskaraldian parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Ariketara batu nahi dutenek horretarako aukera dute euskaraldia.eus webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide