Palankamugarritik Plaiatxikira

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 5a, 11:30

Kostaldeko leku izenak arautu berri ditu Euskaltzaindiak. Urola Kostako 64 izen ageri dira zerrendan, Zumaiatik Orioraino; tartean, Aia, Getaria eta Zarauzko txokoak ere.

Bakoitzak bere irizpideen arabera erabili ditu gaurdaino kostaldeko leku izenak. Horren adibide dira mapak eta turismo gidak nahiz komunikabideek edota administrazioak erabiltzen dituzten askotariko deiturak. Toki izenak arautu eta era zuzenean erabiliak izan daitezen, kostaldeko leku izenak arautu berri ditu Euskaltzaindiak. 

Guztira, Urola Kostako 64 ageri dira zerrendan, Zumaiako Palankamugarritik Orioko Plaiatxikira artean. Era askotako leku izenak dira, naturalak zein artifizialak: badiak, haitzak, hondartzak, itsasadarrak, itsasargiak, itsaslabarrak, kalak, lurmuturrak, portuak, puntak, senadiak eta uharteak.

Kostaldeko izenen berezitasun batzuk aipatzen dira arauan, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten. Bildutako izen batzuk turismo gidetan eta udal mapetan besterik ez dira ageri, eta izaera orokorragokoak dira beste batzuk, mapa nagusietan ageri direnak. 

Aurreko belaunaldietatik heldu diren izenei bultzada emateko xedearekin arautu ditu batzuk Euskaltzaindiak, tradiziozko formei eustearren. Horietako bat da Getariako Aizpurupe

Leku izena emateaz gainera, zer leku izen mota den eta zein udalerritan dagoen zehazten da gero. Azken zutabean, leku hori zein mapatan dagoen adierazi da. Izan ere, Euskal Herriko kostaldea irudikatzen duten hamaika mapa ezarri dira, zerrendetan ageri diren leku-izen guztiak zein bere kokalekuan adierazten dituztenak, erabiltzaileak jakin dezan zer lekuri dagokion leku-izen bakoitza.

Izena, izana indartzeko

Xabier Azkue Zumaiako Udaleko Euskara teknikariaren ustez, erabileran eragin handiagoa izateko bidea ematen du araua izateak, gomendio zerrendatik harago. «Zalantzazko konturen bat» badago arau horretan, ordea, Azkueren hitzetan: «Zumaiako Andikaraerreka itsasoratzen den puntuari Itsaspe jarri diote, eta izen hori Algorritik Sakonetarainoko eremu osoari deitzeko erabili izan dute zumaiar batzuek. Gainera, Itziartik behera izen bereko auzoa eta kanpina hor daudenez, nahasgarria da zerbait zehatz kokatu nahi bada». Dena den, aipatu du aintzat hartu behar dela ikuspegi orokorrarekin egin duela lan hau Euskaltzaindiak, izen nagusiak ezagutarazteko.

«Herritarrak sustraietara lotzen dituzten lokarriak» dira, Azkueren ustez, leku izen horiek, eta orain, hizlarien esku dago ondare horri bizitasuna eman eta izenekin izana indartzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide