Saretzen

Ume baino txakur gehiago dago Urola Kostan

Aitziber Arzallus 2024ko eka. 18a, 08:00

Emakume bat txakur batekin. (Pixabay)

15 urtetik beherako 11.847 haur eta gaztetxo daude eskualdeko 11 herrietan; eta txakurrak, berriz, 12.727 dira. Txakurren erdiak pasatxo konpainiarako dituzte, herena ehizarako, eta gainontzekoak etxea eta ardiak zaintzeko. Urola Kostako lau familiatatik batek txakurra dauka.

Ume baino txakur gehiago dagoela esan ohi da, eta ez da esaera hutsa, datuek hala dela baieztatzen baitute: Urola Kostan 15 urtetik beherako 11.847 haur eta gaztetxo bizi dira; txakurrak, berriz, 12.727. Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, ume gehiago daude txakurrak baino; aldiz, eskualdeko gainontzeko herri guztietan nabarmen handiagoa da txakur kopurua, 15 urtetik beherako biztanleena baino. Azpeitiko kasua adierazgarria da, Urola Kostako bigarren herri handiena izanda, 2.700 txakur baitaute eta 2.480 ume.  

Eskualdeko lau familiatatik batek txakurra du, gutxienez bat. Proportzioa hori baino txikixeagoa da Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian; lau herri horietan, bost familiatatik batek du txakurra. Aldiz, Azpeitian eta Getarian hiru familiatatik batek du txakurra; Zestoan, hamar familiatatik lauk dute; Aian, Aizarnazabalen eta Beizaman, lau familiatatik hiruk; eta Errezilen familia guztiek dute txakurren bat.

Txakur horiek zertarako dituzten, hor dago gakoa. Urola Kostako txakurren erdiak konpainiarako dituzte herritarrek, herena ehizarako, eta gainontzekoak, etxea edota artaldea zaintzeko. Aizarnzabalen eta Errezilen, baina, txakurren gehiengoa ehizarako dituzte; eta Beizaman, etxea edota artaldea zaintzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide