Umorea nagusi Mintzalagun programaren ikasturte amaierako ekitaldian

Maria Maya Manterola 2024ko eka. 14a, 12:00

Apaxi bakarrizketari aritu zen lehendabizi; ipuin kontalari gero. Salatxo aretoan 30etik gora lagun elkartu zen, eta behin ekitaldia amaituta, elkarrekin mokadutxo bat jateko beta ere izan zuten.

Urola Kostako Mintzalagun programaren ikasturte amaierako ekitaldia izan zen atzo, osteguna, Orioko Salatxo aretoan. AEK arduratzen da programa dinamizatzeaz, eta bertako kideek azaldutakoaren arabera, guztira, 27 talde aktibo izan dira bailaran irailaz geroztik. Horien guztien ahalegina txalotu zuten ekitaldiaren hasieran.

Umoreari tartea egin nahi izan zioten gero, eta horretarako, bakarrizketa bat eskaini zuen Apaxik. Bertan bildutakoekin terapia egin behar zuela aitzakia hartuta, hainbat gai jorratu zituen, tartean, ezizenak, bizi-krisiak nahiz sakelakoak. Gero, ipuin kontalariaren azaletik aritu zen, eta pare bat elezahar eskaini zizkien Salatxon elkartutakoei. Amaitzeko, mokadutxo bat elkarrekin dastatu zuten mintzalagunek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide