Israelen 'pinkwashing-a' salatu eta Palestinarekiko elkartasuna erakutsi dute Zumaian

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 17a, 10:30

Urola Kostako Transmaribolloak mugimenduak antolatuta, Palestinako queer kolektiboen idatziak irakurri zituzten atzo Kofradian, LGTBIQ+ fobiaren kontrako nazioarteko egunaren bezperatan. Gaur Orion egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan. 

LGTBIQ+ fobiaren kontrako nazioarteko eguna da gaur, maiatzak 17, eta egun horri lotutako ekintzak antolatu dituzte hainbat gizarte mugimenduk. Aurtengoan, ordea, protesta horiek beste aldarri batekin bat egin dute: Palestinaren aldekoekin. 

Urola Kostako Transmaribolloek antolatuta, atzo, ostegunez, Zumaiako Kofradian elkartu zen hainbat herritar, eta Israelen pinkwashing-a salatzeaz gain –uste dute Palestinaren aurkako gerran, Israel bere estrategiaren alde erabiltzen ari da LGTBIQ+ kolektiboa–, Palestinako queer kolektiboen idatziak irakurtzeko baliatu zuten hitzordua. 

Gaur, berriz, Orion elkartuko dira, LGTBIQ+ fobiaren kontra eta Palestinarekin elkartasunez. Elkarretaratzea 19:00etan izango da plazan, eta gero, gauean, Paka Fest jaialdia izango dute Etxeluze gaztetxean. Alarma morea, DJ Txankleta eta La fulana igoko dira oholtzara. 

Urola Kostako mugimendu horrek bat egin du, bestalde, larunbat eguerdian Iruñean Palestinaren alde egingo den manifestazio nazionalarekin. 12:30ean hasiko da protesta hori, Antoniuttitik. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide