Ostiralean egingo dute Francisco Eskudero Akordeoi Konposizio Lehiaketako sari banaketa

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urriaren 4a

2019ko Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako gala.

Aurtengo ediziora 30 lurraldetatik iritsitako 72 sortzaile aurkeztu dira sariketara. Ekitaldia Modelo aretoan egingo dute, 20:00etan hasita, eta iazko obra sarituak estreinatuko dituzte.

Hauspoz Euskal Akordeoi Elkarteak antolatuta, eta Zarauzko Udalaren babesarekin, Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako sariak banatuko dituzte ostiralean. Leire Ucha aktoreak aurkeztuko du ekitaldia, eta ohi bezala, Modelo aretoan izango da, 20:00etan hasita. Aurtengo ediziora 30 lurraldetatik iritsitako 72 sortzaileren lanak aurkeztu dira sariketara, aurreko aldietako parte hartze handiari eutsiz.

Irabazleen lanen berri emateaz gain, bertaratzen direnek bi piezaren estreinaldiak entzun ahal izango dituzte. Iazko edizioan epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Carsten Hennig musikagile alemaniarraren  Entre/Berichterstattung 3.1 obra –akordeoi, klarinete, gitarra eta txelorako idatzia– joko dute, baita lehiaketa irabazi zuen Otto Wanke konpositore txekiarraren ...dots and lops... pieza –akordeoi, saxofoi eta perkusiorako idatzia– ere.

Elisa Ruiz, Silvia Ferrero, June Agirre, Pedro Bastiao, Jessica Reis, Xurxo Morales eta Juan Luis Garcia musikariek estreinatuko dituzte obrak. Horrez gain, Garazi Etxaburu dantzariak hiru emanaldi txiki eskainiko ditu, Escuderoren musika oinarri hartuta. Galaren amaieran epaimahaiaren akta irakurriko da eta aurtengo edizioko sarituen izenak jakinaraziko dituzte.

Hauspoz elkarteak musika sortzeko Escudero maisuaren omenezko nazioarteko lehiaketa ezaguna antolatzen du urtero, eta horren bidez akordeoirako errepertorioa zabaltzea du helburu, obra irabazleak editatuz eta estreinatuz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide