Tokikom euskarazko toki komunikabideen elkarteak hamargarren urteurrena handikiro ospatu du gaur, ostiralarekin, Getxon (Bizkaia). Olatua gurutzaontzien terminalean egin dituzte Komunikabideak etorkizuna ehuntzen jardunaldiak, eta bertan, ehundik gora ikus-entzuleren aurrean aritu dira solasean Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galesko, Ingalaterrako eta Norvegiako punta-puntako hainbat hizlari. Horiek tokiko komunikabideek gizartean duten paper garrantzitsuari buruz hausnartzeko tartea zabaldu dute, eta komunikazio-sareen arteko lankidetzan sakontzeaz eta etorkizuneko erronkez aritu dira, hala nola digitalizazioaz, adimen artifizialaz, aisialdiaz, datu-kazetaritzaz eta demokrazia sozialaz.
09:00etan abiatu dituzte jardunaldiak, Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariaren, Amaia Agirre Getxoko alkatearen, Getxoko Hiruka komunikazio taldearen kudeatzaile Ziortza Merinoren eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ongietorriarekin.
Nazioarteko esperientziak
Jarraian, Urko Aristi aurkezlearen gidaritzapean, demokrazia sozialaz aritu eta tokiko kazetaritzan sakondu dute hizlariek. Jason Gibbins BBCko Local News Partnership eta Peter Sherlock Shared Data Unit sailetako ordezkariak izan dira jendaurrera agertu diren lehenengoak, eta Erresuma Batuko datu kazetaritzaren eta komunikabideen arteko elkarlanaz aritu dira. Gibbinsek azaldu du zer-nolakoa den BBCren eta tokiko komunikabideen arteko harremana, eta horrek sortzen dituen abantaila praktikoak aurkeztu ditu. Besteak beste, astero, 1.200 albiste ekoizten dituztela esan du. "Lan gogorraren emaitza da hau, ikasketa prozesu baten ondorio. Printzipioz, oinarrizko helburua lortu dugu, hau da, tokiko demokrazia eta kazetaritza trebetasunak bultzatzea".
Sherlock, bere aldetik, datu kazetaritzak irekitzen dituen aukerei buruz aritu da, eta, besteak beste, datuak erabiltzeak, istorioak sortzeko aukera eskaintzeaz gain, albisteen gardentasuna eta sinesgarritasuna ere bermatzen duela nabarmendu du. Datuak aztertzeal eta horietarako sarbidea izateak, nolabait, boterean daudenak kontrolatzeko aukera ematen duela ere esan du. Esperientzia horri lotuta, Hegoaldeko Galesko barrutiari buruzko informazioa eskaintzen duen Caerphylly Observer agerkari digitaleko ordezkari Richard Gurnerrek tokiko komunikabideen eta BBCren arteko elkarlanaren nondik norakoak aurkeztu ditu, bere esperientzia propiotik abiatuta. Berea bezalako tokiko komunikabide txikien arteko elkarlana goraipatu du, eta tokiko istorio txikiak ere garrantzitsuak direlakoan, BBCrekin lortu duten hitzarmenak txikitasunetik handitasunera salto egiteko aukera ahalbidetu diela azaldu du: "Local News Partnership egitasmoari esker, tokikook lantzen ditugun albisteei leku egiten zaie hedabide handietan".
Bere aldetik, Tomas Bruvik Norvegiako tokiko egunkarien elkarte nazionaleko (LLA) idazkari nagusiak 110 egunkari baino gehiagoren artean martxan duten lankidetza-estrategia azaldu du, hala nola zer nolako bideak erabiltzen dituzten datu eta istorio partekatuei dagokienean. Lankidetza horren lehenengo emaitza izan zen askotariko istorioak lantzea ahalbidetu dien hango migrazioaren fenomenoa lantzea. Argitaratutako lanen oihartzun handia izan zuten estatu mailan, baina baita nazioartean ere. Lortutakoa azpimarratuta, bide horretatik jarraitzeko hautua egin dutela adierazi du: "NRK telebista kate nazionalarekin zein tokiko komunikabideekin lankidetzan oinarritutako kazetaritza lantzen jarraitu nahi dugu, hori baita etorkizuna".
Datu kazetaritza
Txanda horretan hitza hartzen azkenak izan dira Oihane Mateos EITBko ordezkaria eta Iker Rincon Hiruka komunikazio taldeko kazetari multimedia. Horiek EITB eta Tokikomeko bazkideen artean elkarlanean hauspotutako Saretzen proiektua aurkeztu dute, eta besteak beste, datu kazetaritzaren munduan sakondu ahal izateko komunikabideen arteko elkarlanak zer-nolako garrantzia duen azpimarratu dute.
Rinconek nabarmendu duenez, tokiko kazetariek abantaila bat dute gai zehatz bati buruzko datuen hausnarketa egiterakoan, dagokion komunitateari buruzko ezagutza "sakona eta zehatza" dutelako. Hala ere, horiek ere datu kazetaritzari eusteko zailtasunak izan ditzaketela adierazi du, egunerokotasuneko lan erritmoaz gainera, baliabide eta espezializazio falta izan dezaketelako. Era berean, azpimarratu du ez dela gauza erraza Hego Euskal Herrian datu kazetaritza behar bezala jorratzea, "datuak lortzea, askotan, ez delako lan samurra".
Mateosek nabarmendu duenez, EITB bezalako medio batentzat interesgarria da tokiko komunikabideen ikuspegia aintzat hartuta lan egitea, gai bat xehetu eta horri erpin askotatik heltzea ahalbidetzen duelako elkarlan horrek. Eta helburu hori du Saretzen egitasmoak: gai bat hartu, denen artean landu, eta nazio mailako euskal agenda mediatikoan txertatu, lehenengo kolpean Hego Euskal Herriko bilakaera demografikoa aztertu zutenean bezalaxe. "Bide horretan jarraitzeko gogo handiz gaude, lanean segitzeko eta sarea egiten jarraitzeko", esan du Mateosek.
Hainbat hitzaldi
Atsedenaldiaren ostean, Bea Narbaiza EHUko Ikusiker ikerketa taldeko kideak kazetaritzak entretenimenduaren esparruan gaur egun duen egoera aztertu du. Hala, besteren artean, gazteek ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eta IKT edo Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko dituzten ohiturak zerrendatu ditu, "haiek direlako aldaketen motore, eta aldaketa horiek, azkenean, denera heltzen direlako". Modu horretan, haien ikerketako abiapuntua gazte guztien joera berdinak al ziren aztertzea izan zela azaldu du, eta, hori ikertzearekin panelen metodologiari ekin ziotela. Era berean, Interneten eta IKT teknologien erabilera nabarmendu du: "Lehen eskolak gailurik gabeko eremuak ziren, eta, gaur egun, Interneta guztiz integratuta dago hezkuntza eremuan; gazteen ohituretan egundoko eragina du".
Azkenik, digitalizazioak kazetaritzan duen garrantziaz hitz egin dute Avelino Amoedo EHUko irakasleak eta ikertzaileak eta Karma Peiro Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan adituak. Lehenengoak Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aurkeztu du, zeinetan albiste eta eduki kontsumoen joera eta erronka globalak aztertu dituzten. Nabarmendu du komunikabideen kontsumoak eta albisteen interesak behera egin duela; interesa %85etik %55era jaitsi dela jakinarazi du. Hark azaldu duenez, beherakada horren arrazoietako bat da Espainiako Estatuko pertsona gehienek komunikabideak ez direla independenteak eta atzean interes politikoak eta enpresa taldeak dituztela uste dutela. Era berean, herritarrek fake news edo gezurrezko albisteei buruz duten pertzepzioa "handia" dela nabarmendu du.
Peirok, berriz, egunotan denen ahotan den adimen artifizialak tokiko kazetaritzan ekar ditzakeen aukerak eta erronkak aletu ditu. Hark azpimarratu duenez, kazetaritza hainbat modutan landu daiteke adimen artifizialaren bitartez: "Ikustaldiak edota posizionatzeko gailuak automatizatu daitezke, albisteak erakargarriagoak bihurtu irudi eta bideoak sortuz edota lerroburu bat bilatu txio bat sareratzeko". Bestalde, ahotsen transkripzioak egiteko ere oso lagungarria izan daitekeela nabarmendu du, baita audientzien parte hartzea hauspotzeko ere: "Eta dagoeneko ildo horretan esperimentatzen ari dira". Halaber, Peirok adierazi du adimen artifizialak aukera asko zabaltzen dizkiela tokiko hedabideei, baita kazetaritzaren munduari orokorrean ere: "Beldurra galdu behar dugu, eta jakin behar dugu nola erabili adimen artifiziala ahalik eta ondoen, ematen dizkigun aukerak ondo aprobetxatzeko".
Aditu eta espezialisten hitzartzeen ondoren, Tokikomek eta Herrialde Katalanetako tokiko komunikazioko sei elkartek manifestu bat aurkeztu eta sinatu dute. Hain zuzen ere, elkarren artean lankidetzan aritzea adostu dute eta Espainiako Estatuko administrazioei publizitate aurrekontuak egiterakoan eta sektorearentzat diru-laguntzak bideratzean haien hedabideak kontuan hartzeko eskatu diete.
Jardunaldiei amaiera eman aurretik, Pernan Goñi ilustratzaileak goizean zehar irudikatutako akta grafikoa eta ondorioak aurkeztu ditu. Jarraian, 13:45 aldera, Tokikomeko zein erakunde publikoetako ordezkariek hartu dute hitza, eta Tokikomen hamargarren urteurreneko ikuskizunari eman diote tartea.
Honako lotura honetan ikus daiteke jardunaldietako argazki bilduma.