Bainurako espazio gehiago eta handiagoak izatea eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 20a, 13:43

Hondartzarekin lotutako eskaera sorta bat egin dio Zarauzko EH Bilduk herriko udal gobernuari. Bainurako espazio gehiago eta handiagoak edukitzea eskatu dio besteak beste, eta uda sasoiak hurbil dela ikusita, erabakiak "orain" hartu behar direla nabarmendu du koalizioak. 

Udaberrian sartuta, eguraldiaren hobetzearekin gero eta herritar eta bisitari gehiago bertaratuko dira Zarauzko hondartzara. Horren jakitun, hondartzaren erabileraren inguruko eskaera batzuk egin dizkio Zarauzko EH Bilduk herriko udal gobernuari. 

Koalizioak ohar baten bidez adierazi duenez, herritar ugari hurbildu zaizkio EH Bilduren Zarauzko alkategai Itziar Muruari "hondartzari lotutako kexuak adierariz". Muruaren esanetan, bi eratako kexuak partekatu dituzte herritarrek berekin: "batetik, ohiko bainularien eremuak txikiak direla eta urrun kokatzen dituztela, eta, bestetik, sorospen zerbitzua gero eta murritzagoa dela".

Kexu horiekin bat datorrela dio alkategaiak: "Esan nahi dugu, surf erabiltzaile eta eskolen ugaritasunaren ondorioz, asko murriztu direla bainurako espazioak, jende askoren ziurtasun falta eta kexuak eraginez. Gure aldetik uste dugu, oreka bat beharrezkoa dela surflari eta bainuzaleen artean, gaur egun erabat desorekatua baitago batzuen eta besteen arteko erabilera".

Eskakizun sorta bat ere egin dio koalizioak udal gobernuari hondartzaren inguruan. Lehen eskakizuna sorospen zerbitzua zabaltzea izango litzateke. Ainara Landa EH Bilduko zinegotziak adierazitakoaren arabera, "ekainaren lehenean hastea eskatzen dugu, eta bere zaintza ordua 10:30era aurreratzea. Bestetik, Munoa pareko zaintzaz egun osoan zehar arduratzea, eta bainu egokiturako zerbitzuak ziurtatzea ere bai". 

"Bainularien eskubideak bermatzeko", surflari eta bainularien arteko oreka bilatzea eskatzen du, baita ere, koalizioak, "horretarako, bainurako espazio gehiago, hurbilago edota handiagoak ezarriz."

Beste hainbat hondartzatan egin ohi den bezala "norbanakoek hondarretara eramaten dituzten bozgorailuen erabilera arautzea" ere proposatu du Landak. "Hondartza guztiona da, eta surflari, bainuzale eta erabiltzaile guztien arteko elkarbizitza posible dela uste dugu", gaineratu du.

Agintaldi honetan udal gobernuak erabaki asko "berandu eta presaka" hartu dituela ere salatu du Zarauzko EH Bilduk. Hondartzako erabileraren pleguak direla eta, "kasu honetan erabaki egokiak kontsentsuz hartzera" gonbidatu nahi izan ditu gobernuko kideak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide