Antoniano Ikastetxea Europar komisioak diruz lagundutako Erasmus+
egitasmoan murgildurik dago ikasturte hasieratik. “Bat Bi Three: Researching
European Linguistic Heritage: Basque and Dutch Bilingualism” izeneko
egitasmoak Europako bi errealitate elebidun ezberdin ikertzea du helburu eta
Holandako Leiden herriko Visser’ t Hooft Lyceum eskolako ikasleekin elkarlanean
dihardute DBH4ko ikasleak.
Orain arte proiektuaren lehenengo fasean lanean ibili dira buru-belarri
elebitasunaren inguruko ikerketa lanetan, euskara eta ingeleseko klaseetan,
egitasmo hau bi ikasgai hauetako curriculumean txertaturik baitago ikasgai arteko
proiektu gisa. Beraien kide holandarrak ere birtualki ezagutu dituzte eta hainbat
elkarrizketa izan dituzte bideo konferentzia bidez.
Gaur, proiektuaren 2.fasean murgiltzera doaz eta horretarako Holandara
bidaiatzeko unea iritsi da! Ikasleak haien kide holandarrak aurrez aurre ezagutzeko
irrikan daude eta beraiekin batera proiektua aurrera eramateko. Hemendik aurrera,
egindako lana kide berriekin aztertuko dute talde lanean. Aste bat emango dute
Holandan eta bertan hainbat ekintza burutuko dituzte, Utrecheko unibertsitatearen
laguntzarekin, besteak beste.
Holandako errealitate eleaniztuna bizitzeko aukera paregabea da hau eta
ingelesa praktikan jartzeaz gain, holandar hizkuntza ikasteko gogo handia ere
adierazi dute ikasleek. Leideneko kideak gure artean, Zarautzen, izango dira
apirilean euskal kulturan murgiltzeko.
Beraz, bidai ona opa diegu Antoniano Ikastetxeko ikasleei, edo holandarrez
dioten bezala: Goede reis en veel plezier!
Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide