Garaipen garrantzitsua lortu du Babyautok igoera faserako bidean

Zarauzko Hitza 2017ko martxoaren 28a

Babyauto Zarautz eta Bera Bera taldeen arteko partida (Jon Ander Vildosola).

24-14ko emaitzarekin irabazi zuen, aurkari zuzenetako bat duen Donostiako Bera Bera taldearen aurka.

Lehia gogorra aurreikusten zuten zarauztarrek asteburuan, bigarren postuan sailkatuta dagoen Bera Beraren bisita jaso baitzuten. Partida hasiera espero bezalakoa izan zen: donostiarrak indartsu ekin zioten, eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuten 13. minuturako. Babyautok berehala erantzun zuen, berdinketa lortuz. Atsedenaldira joan aurretik, gainera, 10-7koarekin aurretik jartzea lortu zuten.

Bigarren zatian, aurkariaren ahulguneak aprobetxatuz, joko ona erakutsi zuen Zarauzko taldeak, eta abantaila nabarmena lortu zuen, 24-7koarekin. Amaiera aldean, Bera Berak entsegu berri bat lortu zuen, partida 24-14ko emaitzarekin bukatuz.

Garaipen garratzitsu horri esker, igoera fasea jokatzeko aukera eskuetan du Babyautok. Larunbat honetan ligako azken partida jokatuko dute Avia Eibar taldearen aurka, Eibarko Une zelaian, 17:00etan, eta hurrengo fasera sailkatzeko behar den guztia emango dute zarauztarrek.

Partidako argazkiak: Jon Ander Vildosola

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide