'Nacido en Siria' filma antolatu du Hotz Zarautzek, ikasleentzat eta herritarrentzat

Zarauzko Hitza 2017ko martxoaren 20a

'Nacida en Siria' filmeko irudi bat.

Hotz Zarautz erakundeak, Zarauzko Solidaritate Koordinadoraren eskutik eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin, Hernan Zin zuzendariaren filma eskainiko du Modelo aretoan, asteartean eta ostegunean, martxoak 21ean eta 23an.

Bi egunetan hiru emanaldi eskainiko dituzte goizetan, herriko ikastetxeetako ia 600 ikaslerentzat. DBH 4ko, erdi mailako eta batxilergoko 1. mailako ikasleek izango dira Nacida en Siria filma ikusteko aukera izango dutenak, eta parte hartuko duten ikastetxeak ondorengoak dira: Lizardi Institutoa, Antoniano Ikastetxea, Salbatore Mitxelena Ikastola, Oteiza Lizeo Politeknikoa eta La Salle ikastetxea. Filma ikusi ondoren, ikasgeletan pertsona errefuxiatuen egoeraren inguruan hausnarketa eta lanketa bat egitea dute helburu.

Gainontzeko herritarrek martxoak 23an izango dute kusteko aukera, 19:00etan. Emanaldiaren ondoren, solasaldia izango da Xabier Euzkitze moderatzailearekin eta CEAR Euskadi erakundeko Gipuzkoako harrera programako teknikari Iskander Garciarekin.

Hotz Zarautzek filma ikustera animatzen ditu herritarrak. Sarrerak 5 euro balio du, eta bildutako dirua pertsona errefuxiatuen egoera hobetzeko proiektuak bultzatzera bideratuko dute. 18:15ean zabalduko dute lehiatila sarrerak erosi ahal izateko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide