Zarauzko inguruetan barrena

Zarauzko Hitza 2017ko martxoaren 9a

Ibilaldi neurtua Zestoan egin zeneko irudi bat (Agiro).

Igandean Zarautzen egingo dute Gipuzkoako Eskolarteko Ibilaldi Neurtuetako bat. Iñurritzatik abiatuta, bi ibilbide aukeran izango dituzte parte-hartzaileek.

Igandean egingo dituzte Gipuzkoako Eskolarteko Ibilaldi Neurtuak. Urtero legez, probintziako eskualde ezberdinetan egingo dituzte probak, aldi berean. Urola Kostakoa, hain zuzen ere, Zarautzen izango da, eta Pagoeta Mendizale Elkarteari egokitu zaio antolatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren babesarekin. Gainontzekoak Irunen, Andoainen, Bergaran eta Ormaiztegin egingo dituzte, herri bakoitzeko mendizale taldeek antolatuta.

Ohi bezala, bi ibilbide izango dira aukeran: bata motza, 6,5 kilometro ingurukoa,  eta bestea luzea, 11 kilometrotakoa. Parte-hartzaileak 08:30etik 09:00etara bitartean bilduko dira Iñurritzako zelaian. Hori izango da aurtengo berrikuntzetako bat; izan ere, aurreko ibilaldi neurtuetan Gazteleku paretik irten izan dira. Behin bakoitzak parte hartzea baieztatu eta gero, guztiak elkarrekin abiatuko dira. Lapurdi kaletik San Frantziskora joko dute, eta ondoren malekoira helduko dira.

Puntu horretan bereiziko dira ibilaldi luzea zein motza egin behar dutenak. Bide luzea aukeratzen dutenek itsas pasealekutik moilara jarraituko dute, eta hortik Santa Barbarara igoko dira, Garate Gainera heltzeko. Zingira baserriaren ingurutik pasatu ondoren, Vista Alegretik egingo dute itzulia, gero malekoira jaisteko. Dama parean egingo dute hamaiketakoa.

Ibilbide motza aukeratzen dutenek kontrako bidea egingo dute. Hau da, malekoian, ibilbide luzea egin behar dutenengandik banatzen direnean, biotopo aldera joko dute. Iñurritza errekaren gaineko zubia gurutzatu, eta eskaileretatik Talaimendira igoko dira. Handik Malla-Arriko biltegiari itzulia eman eta kanpineko aldapan behera eginez itzuliko dira irteera puntura. Ibilbide luzea egingo dutenek 3 ordu eta erdi izango dute itzulia egiteko, eta motza aukeratzen dutenek, berriz, 2 ordu eta erdi.


Beste berrikuntzak

Hiru kontrol gune egongo dira: malekoian, Hondar kalearen parean (Zingira inguruan) eta Malla-Arri parean.

Irteera puntuaz gain, beste hainbat berrikuntza ere izango ditu aurtengo Zarauzko ibilaldi neurtuak. Hain zuzen ere, aurten 6-7 urte bitarteko haurrek ere parte hartu ahalko dute, hau da, LH 1. eta 2.mailakoek. Aurreko urteetan, benjaminetatik gorakoek soilik har zezaketen parte proban. Horrekin batera, hamaiketakoa norberak eraman beharko du. Aurrez, antolakuntzak berak eskaini ohi zuen.

Proba Eskolarteko XXX. Mendi Lehiaketaren barruan egingo bada ere, ez da lehiakorra izango. Aldiz, natura zaintzea, inguruko ingurumenaz gozatzea eta halako baloreak landuko dituzte. Erregulartasuna hartuko da kontuan, ez azkartasuna.  Izena eskualdeko ikastetxeetan eman beharko da, bihar bitartean. Parte-hartzaileek 3-5 lagunez osatutako taldetan banatuta egingo dute aukeratutako ibilbidea. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide