Aurtengo taldea aurkeztu du Zarauztarrak

Zarauzko Hitza 2017ko martxoaren 5a

Zarauztarra elkarteko txirrindulari, prestatzaile eta arduradunak, gaurko aurkezpenean (Aritz Mutiozabal).

Hamaika txirrindulari lehiatuko dira 2017 denboraldian, hainbat mailetan banatuta.

Zarauztarra txirrindulari elkarteak aurtengo denboraldiko taldea aurkeztu du eguerdian, Zuhaizti plazan. Bertan elkartu dira elkarteko txirrindulari, prestatzaile eta arduradunak, eta elkarrekin taldeko argazkiak atera ondoren, ohiko bizikleta buelta eman dute. Ekitaldia lagunarteko bazkariarekin biribilduko dute.

Aurtengo denboraldian hamaika izango dira Zarauztarraren elastikoarekin korrituko duten txirrindulariak. Horietatik bederatzi alebin, infantil, kadetea eta jubenil mailakoak dira, eta beste biak Joxe Angel eta Josu Arroitanandia anaiak dira, elkarrekin txirrindularitza egokituan lehiatzen direnak.

Gogotsu eta ilusioz daude Zarauztarrakoak, eta espero dute emaitza onak lor ditzaketela jubenil lehen mailako Haritz Erasun eta Gaizka Gurrutxagaren eskutik. Era berean, jubenil bigarren mailako Alex Garcia eta Beñat Arana ere ongi ibiliko direla aurreikusten dute.

Probak herrian

Datorren larunbatean, martxoaren 11n, kadete mailako lasterketa jokatuko dute Zarautzen bertan; 10:30ean hasiko da. Astebete geroago, martxoaren 18an, alebin-infantil mailakoen proba jokatuko dute, Zuberoa kalean, 16:30ean. Bigarren proba horren aurretik, 15:30ean, ginkana eta lasterketatxo bat antolatzeko asmoa dute herriko ikastetxeetako ikasleentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide