Jira-Bira Cycling txirrindulari talde zarauztarrak babesle berria du, eta Eulen izena hartuko du hiru denboralditarako; iaz arte Parking Geltoki izan zen. Ismael Etxarrik zuzentzen du taldea, eta Gipuzkoako harrobiko 23 urtez azpiko txirrindulariz osatuta dago, errepidea, ziklokrosa eta pista lantzeko asmoarekin.
Astebukaera honetan, hain justu, errepideko bi proba izango dituzte Ipar Euskal Herrian. Larunbatean, 102 kilometrotako proba Donibane Garazin, eta igandean 125 kilometrotakoa Maulen. Ondorengo taldearekin aurkeztuko da hitzorduetara Eulen taldea: Iñigo Altuna, Gari Lagnet, Luismari Garikano, Jon Agirre, Gorka Etxabe, Oier Ibarguren, Mikel Sarasola, Euken Gallego, Jon Madariaga eta Andoni Mateos; igandeko proban ez da lehiatuko Sarasola.
Aurretik, ostegunean, Euskadiko selekzioarekin ariko da Jon Agirre Tour Basse Navarre lasterketan; 120 kilometrotako proba jokatuko du Larzabale eta Donapaleu artean. Baina asteburuan prest egongo, baita Gorka Etxabe ere, aurreko asteburuan pistako Espainiako Kopan erakustaldi bikaina egin eta gero. Galapagarren lehiatu zen, eta parte hartu zuen hiru probetatik bi irabazi zituen.