Aritz Aranbururen eta Iker Amatriainen taldea nagusitu da Mundakan

Aintzina Monasterio / Busturialdeko Hitza 2017ko urtarrilaren 30a

Espainiako taldea, Aritz Aranburu eta Iker Amatriainekin (Pacotwo/Red Bull Content Pool).

Larunbatean jokatu zuten Red Bull Rivals Txapelketaren joaneko saioa, eta Espainiako taldea Portugalgoa baino hobeto moldatu zen Europako ezker olatu ezagunenean.

Alde nabarmena egon zen bi taldeen artean, eta Espainiako taldea nagusitasunez gailendu zen. Izan ere, Aranbururen taldeak hamasei puntu lortu zituen, eta Tiago Pires suflari portugaldarraren taldeak bi puntu baino ez zituen eskuratu.

Bi taldeetako partaideak bakarka uretaratu ziren lehenengo, eta ondoren taldeka (bosna olatu surflari bakoitzeko). 25 minutuko kanporaketa txandak jokatu zituzten. Bakarkako lehia 7-2ko emaitzagaz amaitu zuten, eta taldekako lehian jokoan zeuden bederatzi puntuak Aranbururen taldeak bereganatu zituen.

Surferako baldintza egokiak izan zituzten surflariek, eta erakustaldia emateko ondo aprobetxatu zituzten, Mundakan bildutako jendetzaren gozamenerako.

Txapelketan Illan Urkia, Gony Zubizarreta, Garazi Sanchez, Eneko Merino eta Iker Amatriain zarauztarra daude Aranbururen taldean, eta Piaresen taldea surflari hauek osatzen dute: Tomas Hernandez, Vasco Ribeiro, Henrique Pyrrait, Mariana Rocha eta Mica Lourenco.

Hurrengo hitzordua

Mundakako probaren ostean, bi taldeek Portugalgo Ribeira d’Ilhas-en jokatuko dute Red Bull Rivals Txapelketaren bueltako saioa.

Erlazionatuak

Irudietan: Red Bull Rivals Mundakan

Zarauzko Hitza 2017 urt 30 Kirola

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide