LIERNI ATXUKARRO eta MIREN GARATE - Korrikako koordinatzaileak
Korrikako herri batzordeak osatzen hasita zaudete. Zer moduzko harrera izan duzue herrietarren artean?
Miren Garate: Bi urtetik behin izaten da Korrika, eta beti antolatzen ditugu tokian tokiko herri batzordeak. Eragile desberdinak eta norbanakoak gonbidatzen ditugu bileretara Korrikaren inguruko ekintzak antolatzeko. Modu horretan, Korrika aitzaki hartuta euskal kultura bultzatzeko jarduera desberdinak antolatzen ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da herritarrek Korrika euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimena dela ulertzea, eta ez AEK-k antolatzen duen ekimen soila.
Lierni Atxukarro: Euskararen aldeko ekimena denez, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Tokian tokiko eragileen kontaktuak baditugu eta deialdi irekia egin dugu. Pasa den astean Orion eta Zarautzen egin genituen bilerak, eta nahiko harrera ona izan genuen. Egia da herri bakoitzak dinamika propioa duela, eta batzuetan besteetan baino jende gehiagok parte hartu ohi du batzordeetan.
Datozen hilabeteetan zein lan ildo landuko dituzue?
L.A.: Korrika iritsi aurretik, herriak girotzen joateko, martxoa alderako ekitaldi sorta antolatu nahi dugu. Eragile desberdinek beren ekarpenak egingo dituzte, eta horretan oinarrituta finkatuko dugu egitaraua. Herri bakoitzak bere ohiturak ditu. Zarautzen hemendik bi astera egingo dugu batzordearen bigarren bilera, eta ordurako proposamenak zehazten joateko eskatu diegu eragileei.
Zein izaten da antolatzen dituzuen jardueren helburu nagusia?
M.G.: Batez ere euskara eta euskal kultura sustatu nahi ditugu. AEK-n Euskal Herria euskalduntzeko bidean, euskaraz ez dakitenei edo euskarara gehiago hurbildu nahi dutenei euskara irakasten diegu. Herritik sortutako euskaltegia da AEK, eta guretzat ezinbestekoa da herritarrek proiektuan parte-hartze zuzena izatea. Korrikarekin euskara eta euskal kultura denengana iristea lortu nahi dugu.
Korrika abian izaten den asteetan helburua lortzen al da?
L.A.: Korrikaren inguruko mugimenduak irauten duen denboran, jendea euskara sustatzeko beharraz kontzientziatuagoa egoten da. Giro eta ilusio berezia pizten da Korrikaren bueltan, jende mota desberdinak eta adin guztietako herritarrek parte hartzen dute.
M.G.: Korrika pasatzen denean, zirraragarria da herri oso bat Ni ere euskararen alde aldarrikatuz korrika ikustea. Korrika pasatu eta gero ,ordea, kontzientzia hori mantentzea oso zaila da.
Korrikaren inguruko ilusioa pixkanaka pizten al da herritarren artean?
L.A.: Eguna iristen ari den heinean jendea adi-adi egoten da.
M.G.: Aurten, gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Korrikaren inguruko emanaldia prestatu dute, eta herriz herri ikuskizuna eskaintzen ari dira. Horrekin haurren artean Korrika gizarteratzea lortzen da. Bestetik, gu ere hasi gara pankartak eta kartelak jartzen, eta Korrika hasi da herrietan presentzia izaten. Pixkanaka Korrikako giroa sortuz joango gara.
Aurten Korrika gauez igaroko da Urola Kostatik. Zuentzat erronka al da hori?
L.A.: Duela bi eta lau urte asteburuan pasatu zen Korrika Urola Kostatik. Aurten apirilaren 5ean, asteazkenean, pasatuko da gauerditik aurrera, eta Zumaiara iristerako ia goizeko hirurak izango dira. Jakin badakigu nahiko ordu txarra dela, ordutegi horrek parte-hartzea mugatuko baitu; haurrentzat eta hurrengo egunean lanera joan behar dutenentzat ordu txarra da.
M.G.: Jendeak ere komentatu digu aurten ordutegi txarra tokatu zaigula, baina argi izan behar dugu beti ezin dugula guk nahiko genukeen ordutegia izan. Aurten, agian, zonalde ez hain euskaldunetatik egunez pasatuko da Korrika, eta jende gehiagok parte hartuko du eremu horietan.
Pentsatu al duzue ekimenen bat herritarrak Korrikan parte hartzera animatzeko?
L.A.: Zarautzen afaritxo bat egitea pentsatu dugu, kontzertu batekin. Korrika Zarauztik 01:30ak inguruan pasatuko da, baina ordubete lehenago eragileek beren postuetan egon beharko dute. Orain, eragileekin hausnartu behar dugu ideiaz, eta afaria egiteko animatuta dauden ikusi.
Gure artean komentatzen genuen, arazoa ez dela izango kilometroak erostea, ibilbidean zehar jendeak parte-hartzea baizik. Horregatik, gauez izan arren herritarrak aurten ere Korrikan parte hartzera animatu nahi ditugu.
Kilometroen salmenta ere zuek koordinatuko al duzue?
L.A.: Bai, herri batzarretan lantzen dugu gaia, baditugu beste urteetako zerrendak eta zuzenean eragileekin jarriko gara harremanetan.
M.G.: Herrietako eragileen gehiengo batek erosi ohi du kilometroa, nahiz eta herrietako Korrika batzordeetan ez parte hartu. Herrietan errotuta dago kilometroa erosteko ohitura, eta zenbait eragilek esan digute, bileretara joango ez badira ere, kilometroa erosteko beraiek ere kontutan hartzeko.
Noiz hasiko zarete Korrikako kilometroak saltzen?
L.A.: Hurrengo bileretan hasiko gara kilometroen salmentarekin, lan dezente baitauka. Eragileekin harremanetan jarri, diru transferentziak egin, kilometroak banatu eta eragile bakoitzari zein kilometro tokatzen zaion zehaztu behar dugu. Horrek denbora asko eskatzen du.
20. Korrikaz gain, herri askotan Korrika Txikiak ere antolatzen dituzte. Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen al dituzue?
L.A.: Herri bakoitzak Korrika Txikia antolatzeko modu jakin bat izaten du. Zarautzen ikastetxe asko daude eta guk koordinatzen dugu Korrika Txikia. Otsailaren 11n egingo dugu ikastetxeetakoekin bilera AEK-n.
Oraindik Korrika Txikietako egunak zehaztu gabe dituzue, beraz?
L.A.: Lanketa egiten ari gara orain eta ez dugu egunik zehaztu. Hala ere, normalean ikastetxeek ostiralean egin nahi izaten dute Korrika Txikia.
M.G.: Guri gustatuko litzaiguke Korrika Txikia apirilaren 4an, asteartean, egitea gauerako herria girotzen joateko, baina oso zaila da.
Zuek zer moduz hartu duzue Korrikako koordinatzaile lana?
M.G.: Guk beti ilusio handiz bizi izan dugu Korrika. Koordinatzaile izatea eskaini zigutenean pozik hartu genuen proposamena, eta orain lanean murgilduta gabiltza. Lan asko da, askotan akuilu lana egin behar baita.