Laura Gutman familia terapeuta eta idazlea (Buenos Aires, Argentina, 1958) Euskal Herrian izan da berriki. Meitai Maitie-k gonbidatuta, hitzaldi bat eman du Zarautzen (Gipuzkoa). Amatasuna eta aitatasuna ditu hizpide, eta haurtzaroan bete gabe gelditzen diren behar afektiboek heldu garenean sakon baldintzatzen gaituztela ohartarazi du bere azken liburuan: Qué nos sucedió cuando éramos niños y qué hicimos con ello (Zer gertatu zitzaigun haurrak ginenean eta zer egin genuen horrekin).
Emozionalki heldutasunera iritsi ez garen pertsona handien armada osatzen dugula diozu. Armada arriskutsua da?
Mundua nola dabilen ikusi besterik ez dago.
Haurrak bezala jarduten dugu orduko beharrak izan ez arren?
Arlo afektiboan, bai. Ohikoa da. Ibilbide profesional oparoa gara genezake, bikotea osatu, seme-alabak izan... eta, hala ere, aitortza, maitasun eta arreta handia eskatzen jarraitu; hain justu, bere garaian jaso ez genuelako.
Diozunez, pairatu ditugun gabeziak ez ditugu oroitzen. Zergatik?
Oroitzapenak kontzientziaren antolaketak direlako, eta kontzientziak gertakariak antola ditzake soilik norbaitek hitzekin izendatzen baditu. Horregatik oroit dezakegu gertatu ez den zerbait baina gure amak izendatu duena —«zure aita gizagaixo bat da»—, eta, aldiz, gertatu den zerbait ahaztu —esaterako, amesgaiztoak—.