EH Bilduk dio Udal Gobernuak uko egin diola aurrekontuak negoziatzeari

Zarauzko Hitza 2017ko urtarrilaren 13a

EH Bilduko udal taldea (Aritz Mutiozabal).

Oposizioa "baztertzeko saiakera geroz eta agerikoagoa" dela iritzi dio koalizioak. Horrez gain, azaldu du herritarren ekarpenak ez direla "aurrera eramateko nahikoa baliabidez hornitu" aurrekontuetan.

"Alkateak [Xabier Txurrukak], EAJ eta PSE-EEren gehiengo aritmetikoa baliatuz, arrabola pasa du gainontzeko alderdiek egin dizkiogun ekarpenen gainetik, agintaldirako duten plan hermetikoa eta malgutasunik gabekoa ezartzen jarraituz". EH Bilduri "alarma guztiak piztu" dizkio 2017rako udal aurrekontuen negoziazio prozesuak, baita "orain arteko dinamikak eta gobernantza ereduak" ere. Hori horrela, Udal Gobernuko alderdiei dei egin diete "eztabaidarako beldurrak kendu" eta eurekin mahaian esertzeko "borondatea izan nahiz erabakia har dezaten".

2016ko aurrekontuak onartzeko EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk sinatutako adostasuna ez betetzea leporatu dio dio koalizioak Udal Gobernuari, akordioan jasotako 68 puntuetatik 36 ez direla gauzatu nabarmenduz. "Horrek aurtengo aurrekontuak negoziatzeko konfiantza galera eragin du eta, konfiantza hori berreskuratzeko, bermeak eskatu genituen, hala nola, Tokiko Gobernu batzordea oposizioari irekitzea eta lortu zitezkeen akordioei jarraipen zuzena egitea". Eskaturakoa udal askotan ematen dela diote, eta adibide gisa, Aia eta Oiartzun jarri dituzte . Era berean, aurreko agintaldian Zarautzen ere eman zela gogora ekarri dute. "Alkateak ez du, ordea, inongo borondaterik erakutsi konfiantza berreskuratu eta gardentasuna bultzatuko lukeen gisa horretako neurririk onartzeko, EH Bildurekin negoziatzeari uko egin baitio".

"Baztertzeko saiakera"

Batzordeen funtzionamendua aldatu zutenetik, oposizioko udal taldeak "baztertzeko saiakera geroz eta agerikoagoa" dela iritzi dio koalizioak. "Batzorde kopurua eta maiztasunak murriztu dituzte –hilean behin bakarrik biltzen dira– eta oposizioan lanean ari diren zinegotzi askori ordutegiekin zailtasunak jarri dizkiete. Ezinezko egin diete udaletxeko lana euren lanorduekin uztartzea".

Horrez gain, Udal Gobernuak herritarrekin egindako parte hartze prozesuan jasotako eskaerak eta ekarpenak "ez dira 2017ko aurrekontuetan jasoak izan edo ez dira aurrera eramateko nahikoa baliabidez hornitu", EH Bilduren ustez. Parte hartze bilerak egin beharrean, gobernuaren agintaldi plana azaltzeko bilerak egin zirela dio, herritarrei ekarpenetarako "azken tarte txiki bat" eskainiz.

"Herritarren eskaerak kontuan izateko" eta negoziaziorako "borondate eza" arrazoituz, Irabazi Zarautz taldeak abenduko udalbatzarrean aurkeztutako osoko zuzenketa babestu zuen EH Bilduk, eta aurrekontuen negoziazio prozesua abiatzeko eskatu zion Udal Gobernuari. Oso zuzenketa ez zen aurrera atera, EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin.


Berrikuntzarik ez

Onartu berri diren aurrekontuetan "inongo berrikuntzarik" ez dutela ikusten aditzera eman du koalizioak. "Bultzatu eta garatu nahi dituzten proiektu eta egitasmo gehienak aurreko agintalditik EH Bilduk abian zituen gaiak dira". Zuzenketa partzialen bitartez, aurrekontu horiek "txukuntzen" saiatu zen: 58 zuzenketa aurkeztu zituen udal taldeak, eta bakarra onartu zuten.

EH Bilduk gogora ekarri du aurreko agintaldian, agintean zela, "aurrekontu guztiak negoziatu eta adostu" zituela, eta 2014an nahiz 2015ean EAJrekin eta PSE-EErekin akordioa lortu zuela. "2016an ere akordioa posible izan zen eta EH Bilduren ekarpenekin aurrekontuak indartu egin ziren. 2017an, berriz, Urola Kostako Udal Elkartean ere posible izan da. Zergatik Zarautzen ez? Nork oztopatu du?".

EH Bilduk aurkeztutako eta Udal Gobernuak atzera botatako zuzenketen artean, ondorengoak azpimarratu nahi izan ditu:

  • Etxebizitzen alokairua sustatzeko eta etxebizitzak birgaitzeko 200.000 euroko diru-laguntza. "Alkateak ezezkoa bozkatu zuen, aurreko urtean jarritako dirua gaizki atera dela argudiatuz eta alokairu politiketan etsiz".

  • Zelai Ondo auzoko bolatokia, Iñurritzako frontoia eta Vista Alegreko kirol gunea estaltzeko 145.000 eurotako diru partida.

  • Atletismoko pista egiteko egitasmoa lantzeko 15.000 euroko partida.

  • Langako plazaren urbanizazio proiektua, Parroki pareko biribilgunearen egitasmoa, Mitxelena auzo elkartearen lokalaren azterketa, Zelai Ondo azpibidearen oinezko pasoaren proiektua eta Vista Alegreko irisgarritasuna aztertzeko 75.000 euroko partida.

  • Malekoiko zorua egokitzeko (3. Fasea) 40.000 euroko partida.

  • Komun publiko autogarbitzailea berri bat egiteko 40.000 euroko partida.

  • Azken Portu Goiako igogailua burutzeko 150.000 euroz hornitzea. "Igogailu honi Hondartzako igogailu pribatuaren aurretik lehentasuna emateari gobernuak ezezkoa bozkatu zuen".

  • Duela hiru urte auzoko herritarrekin emandako prozesu parte hartzailean erabakitakoari bidea eman nahian, Lauaxeta kalearen urbanizazioa gauzatzeko 50.000 euroko partida proposamena.

  • Torreoia eraberritzeko lanak gauzatzeko 102.000 eurotako partida. "Ez zen onartu, Udal Batzarrean Torreoia Bizirik plataformak aurkeztutako mozioan hartutako konpromisoari jaramonik egin gabe".

  • Auzotarrek 200 sinaduren babesarekin aurkeztutako Hiru Erreketa kurbako parkingaren eskaera burutzeko 30.000 eurotako proposamena.

  • Modelo Aretoko beharrak, kultura eragileekin adostu eta eraikinaren birgaitzea gauzatzen hasteko 101.000 eurotako partida.

  • Herriko zarata mapa gauzatu eta zarata mapako puntu beltzetan kokatuak dauden eraikinen isolamendu lanen diru laguntzak gauzatzeko 55.000 euroko diru partida.

  • Emakume etxearen egitasmoa martxan jarri, emakumeen kontseilua eta herriko talde feministekin elkarlanean, eta Sanz Enea eraikin osoa liburutegi bilakatu ahal izateko proiektuak idazteko 30.000 eurotako diru partidak.

  • "Gobernuak zerga eta tasetan %0,7 igoera onartu zuen. Hori horrela, udal langileen soldata-masan %0,7ko gutxieneko igoera proposatu genuen, langabezian zeuden langileak kontratatzera bideratuz igoera hori".

  • Lanera bizikletaz doazenei eta lantegietan bizikleta aparkalekuekin egindako inbertsioei diruz laguntzeko 52.000 eurotako partida.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide