AIE Artistas, Interprestes o Ejecutantes elkarteak antolatutako Artistas en Ruta programarako aukeratu dute Igelaren Banda, lau kontzertu eskaintzeko urtearen lehen seihilekoan. Otsailean bi emanaldi izango dituzte: hilaren 2an, Madrilgo Clamores aretoan, eta hilaren 26an, Iruñeako Zentral Kafe Teatron. Apirilaren 30ean Galizia aldera egingo dute bidaia, Lugoko Clavicembalon jotzeko, eta hurrengo egunean, maiatzaren 1ean, Bueuko (Pontevedra) Aturuxon.
Zarauzko Bixente Martinez gitarristak eta Amaiur Cajaraville kontrabaxu-jotzaileak osatzen dute taldea, Hasier Oleaga bateria-jole bilbotarrarekin batera. Euren azken lana Debalde festa da, iazko udaberrian kaleratua, eta bertso doinuetan oinarrituta dago, uneoro jazzera egokituta.