Euskal Eskubaloi Federazioak, Ereintza Eskubaloia eta CB Zuazo Femenino elkarteen laguntzarekin, Euskadi eta Tunisiaren arteko gizonezkoen selekzio absolutuen bi partida antolatu ditu Gabonetarako. Tunisiako selekzioak Frantzian ospatuko den Munduko Txapelketan lehiatuko da urtarrilaren 11tik 30era, eta prestaketa gisa, euskal selekzioaren aurka neurtuko ditu indarrak.
Euskal selekzioarekin aritzeko Amenabar Zarautz taldeko hainbat jokalari deitu dituzte: Julen de Carlos, Gorka Berridi, Oihan Balentziaga, Mikel Martinez, Ander Atorrasagasti, Eneko Goenaga, Mikel Amilibia eta Xabat Olaizola. Baita beste klubetan dabiltzan zarauztarrak ere: Alberto Agirrezabalaga (Nimes) eta Erik Balentziaga (Anaitasuna).