Irabazi Zarautzek aurkeztutako hiru mozioak ez dira aurrera atera

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 25a, 18:46

Irabazi Zarautzeko bozeramaile Ana de Benito atzoko plenoan (Aritz Mutiozabal).

Koalizioak hiru proposamen eraman zituen atzoko udalbatzarrera: pobrezia energetikoa prebenitzeko neurriak eskatzeko mozioa, Euskararen Eguna EAEko jaiegun izendatzeko mozioa eta herriko kale eta tokiei emakume izena jartzeako mozioa. EH Bilduren babesa izan bazuten ere, ez ziren onartuak izan, Udal Gobernuko (EAJ eta PSE-EE) alderdiek kontra bozkatu zutelako.

Azaroko ohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean, baina batzarrarekin hasi aurretik Xabier Txurruka alkateak egunotan zendu den Jose Ramon Santamaria zinegotzi ohia, Gurutze Gorriko kidea eta Ikastolako sortzaileetarikoa izan zuen gogoan, batetik, eta azaroaren 25eko nahiz Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalak irakurri zituen.

Gai zerrendari helduta, EAJko kide Koldo Uribarrik Imanol Lasak irailean utzitako zinegotzi kargua hartu zuen, eta jarraian, hainbat gai onartu zituzten aho batez:

  • Tratu txarren biktima diren emakumeen eta gizarte larrialdiko apartamentuen arautegi aldaketa (hasierako onespena); 2017ko ordenantza fiskalak onartu zituztenean, zera zehaztu zuten: indarkeria matxista jasaten duten emakumei zuzendutako harrera apartamentuak ez direlaa ordaindu beharko, huu da, ez dutela tasarik izan.

  • Orokieta ikastetxe publikoko sukaldea eraberritzeko eta jangela handitzeko obra interes berezikoa eta udal onurakoa dela, eta  %95eko hobaria aplikatzea eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga kuota kalkulatzean

  • Auto-taxi zerbitzuaren tarifak datorren urterako ez igotzea.

 

Eztabaida gehien Irabazi Zarautzek aurkeztutako hiru mozioek sortu zuen hil honetako udalbatzarrean. Proposamenak ez ziren aurrera atera, Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdie ezezkoarekin; EH Bildu, aldiz, aldeko agertu zen.

Pobrezia energetikoa prebenitzeko neurriak eskatzeko mozioa

Mozioan, beste erakundeei eskaerak egiteaz gain, udalak ere konpromisoak har ditzala eskatu zuen Irabazi Zarautzek. "Badakigu Zarauzko udalak urratsak eman dituela pobrezia energetikoari aurre egiteko, batez ere diru laguntzen bidez, eta beste ekimen batzuk, Goiener kooperatibarekin prestatzen ari den hitzarmena, adibidez. Uste dugu urrats hauek guztiak Plan batean koordinatu eta islatu egin behar direla, eta beste ekimen batzuk, funtsezkoak direnak, garatu behar ditugula, adibidez, enpresa energetikoekin hitzarmenak lotu, argindarra moztu baino lehen udalak informazioa jasotzeko", adierazi zuen Ana de Benitok.

EH Bilduk bat egin zuen mozioarekin, eta Naiara Carvajalen esanetan, udaletik pausoak ematen ari badira ere, "areagotu egin beharko litzateke plan orokor bat landuz" eta "tamalgarria iruditzen zaigu horrelako mozio bati babesa ez ematea jakinda dagoen arazoarekin".

PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezen ustez, "ez du zentzurik mozioa aurkeztea udaletik gaia lantzen ari garelako". Horrekin lotuta, atzo bertan prentsaurrean aurkeztutako diru-laguntza lerro berria aipatu zuen. EAJko kide Jesus Aranak ere erantzun zuen Udal Gobernuak baduela plan bat, eta lanean ari dela. "Udal Gobernuak behin baino gehiagotan azaldu du bere konpromisoa, eta behar den dirua jarriko duela herritarren oinarrizko behar horiek betetzeko. Pobrezia energetikoarena horietako bat da".

EAJk eta PSE-EEk puntuka bozkatzea eskatu zuten, baina Irabazi Zarautzek mozioa bere osotasunean eustea erabaki zuenez, Udal Gobernuko kideek kontrako botoa eman zuten.

 

 

Euskararen Eguna EAEko jaiegun izendatzeko mozioa

EAEn jaiegun propio bat falta dela, eta "euskararen inguruan dagoen adostasuna aprobetxatu eta indartu beharko genuke, Eusdkararen Eguna jaiegun bihurtuta", azaldu zuen Ana de Benitok (Irabazi Zarautz).

Gloria Vazquezek (PSE-EE) euskara "altxor" bat dela esan zuen, baina ez duela "beharretzat jotzen" jaiegun bat izendatzea horren harira. Horrekin batera, udala ez dela hori erabakitzeko organoa adierazi zuen.

Aitor Kortaren (EH Bildu) esanetan, Euskararen Eguna jaiegun jartzea "gizartearen gehiengoak onartuko lukeen" zerbait da eta "iraganean izan diren hainbat eztabaida gaindituko" lituzke. "Euskararen normalizazioan keinu txikia, baina inportantea izan daiteke".

Jesus Aranak (EAJ), berriz, horrelako mozioak "itxurakeria hutsak" iruditzen zaizkiela esan zuen, eta udalbatzarra ez dela hori erabakitzeko tokia. "Normalizazioa lortzen ez dugun bitartean, euskarak lanegunak behar ditu, eta ez jaiegunak".

 

Zarauzko kale, toki eta eraikinei emakume izena jartzeako mozioa.

Kaleei emakume izena jarrita "gure historia azaleratu eta ezagutaraziko dugu, eta emakume horiek izan duten pisuaren aitortza egingo dugu", memoriari garrantzia emanez arrazoitu zuen mozioaren zergatia Ana de Benitok (Irabazi Zarautz).

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionalean konpromiso hori onartu zela gogoratu zuen Gloria Vazquezek (PSE-EE), eta mozioak ez zuela zentzurik. Datorren hilabetean parte-hartze prozesu bat abian jartzeko asmoa dutela ere azaldu zuen, besteak beste, kale izendategien gaia bultzatzeko.

Lanketa hori, Naiara Carvajalen (EH Bildu) esanetan, Zarauzko mugimendu feminista egiten ari dela eta haiekin partekatu beharko litzateke. "Mozioarekin ados gaude, baina herritarrekin eta eragileekin landu beharrezkoa dela uste dugu, are gehiago Emakumeen Kontseilua geldirik dagoela ikusita".

Hartutako konpromisioa bete egingo dutela jakinarazi zuen Jesus Aranak (EAJ), baina "ez mozioak dioen bezala, 2017ko martxoaren 8rako". Agintaldi honetan kale eta plaza berriak izango direla gaineratu zuen, eta "aukera paregabea izango dugu emakume entzutetsuen izenak jartzeko.

Xabier Txurruka alkateak (EAJ) adierazi zuen egun badirela herrian emakumeen izena daramaten kale eta plazak, baina aurrerantzean sortuko diren kale eta plazei ere izena jarri beharko zaiela. "Berdintasunetik eta feminismotik kontuan izango dugu horiei izenak jartzeko garaian".

 

Galdera eta eskakizuna: bost gazteri Euskal Jaietan jarritako isuna

Galdera eta eskakizunen txandan, Mikel Goenagak (EH Bildu) eskatu zuen "zentzu komunez" jokatzeko gaiaren inguruan, "gazte horiek jarraipen politiko baten zantzua hartu diotelako", eta hori "saihestu" egin beharko litzatekeelako. Zigorrari ez diola "zantzu politikorik" ikusten erantzun zion Xabier Txurruka alkateak (EAJ). Isunak ordenantzak ez betetzeagatik jartzen direla gaineratu zuen, eta "bizikidetza zaintzea du helburu".

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide