"Austeritate politikoak arbuiatzeko gure mozioa aurkeztu eta gero hitza eskatu genuen, PSE-EEk eta EAJk ETAren behin betiko su etenaren bosgarren urteurrenaren harira aurkeztuko mozio bana irakurri baino lehen, gure desadostasuna agertzeko. Ez mozioengatik, baizik eta gauzak egiteko moduagatik", zehaztu du Ana de Benitok.
Udalbatzar aretotik atera egin ziren udal talde horretako bi ordezkariak Udal Gobernuko bi alderdiek euren mozioak irakurri baino lehen. "Aretotik irten aurretik, argi utzi genuen arrazoi politikoengatiko indarkeria eta giza eskubideen urraketa oro kondenatzen dugula, eta bereziki ETAren jarduera, horren mehatxu, hilketa eta atentatuek izan baitute eragin gehien gure herrian", gogoratu du De Benitok. "Zorionez, duela bost urte euskal gizarteak urtetan exijitutakoa egi bihurtu zen, eta ETAk bere jarduera bertan behera utzi zuen".
Haren arabera, agintaldia hasi zenetik, Irabazi Zarautzek hainbat premisa ditu, ondokoa, esaterako: alderdi guztien babesarekin bizikidetzako plangintza bat adostea eta bizikidetza gaietan izan beharreko eztabaidak batzordera eramatera, denon artean adostasunak bilatzeko, hain zuzen.
Oihane Delgadok adierazi duenez, Irabazi Zarautzek "behin baino gehiagotan" salatu izan ditu mahai horretan hartutako erabakiak ez direla gerora kontuan hartu. "EAJk oso ongi daki hori. Zarauzko Udalean gertatu dena ez da gertatu beste inongo instituziotan. Beste hainbat instituziotan gertatzen den moduan, hemen ere adostasunean oinarritutako akordioak bultzatzen saiatzen gara, baina ez gara ados jarri hain gai sentsiblean". Haren ustetan, arazoa ez da alderdiena, baizik eta pertsona batzuena. "Beharbada, beste modu batera antolatu beharko litzateke batzordea, adibidez, kalera hurbilduz".
"Etorkizun hobea lortu nahi dugu, baina argi daukagu hori denon artean lortu behar dugula. Inor kanpoan utzi gabe", jarraitu du. "Hori da guztiok herriari zor dioguna, beti ere, egiatik, onarpenetik eta justiziatik abiatuta". Gizarteak erronka berri bat duela nabarmendu du De Benitok: bizikidetza berreskuratzearena, alegia. "Biktima guztiak errekonozitu behar ditugu, egian, justizian eta erreparazioan oinarrituta. Lan hori guztiok egin behar dugu".
Adostasuna, oinarria
Gogoratu du, hain justu, helburu horrekin jarri zutela martxan berriz ere Bizikidetza eta Giza Eskubideen batzordea, "guztien arteko adostasunak lortzeko, eta ez enfrentamendu alderdikoietarako". "Horregatik, uste dugu bosgarren urteurren honen nondik norakoak batzorde horretan landu behar genituela, eta baita Memoriaren Egunekoak ere". De Benitok jakinarazi duenez, ordea, ez da posible izan, eta "Udal Gobernua osatzen duten bi alderdiak ere ez dute lortu ados jartzea": "Lehenbizi, PSE-EEk bosgarren urteurren horren inguruko mozio bat aurkeztu zuen Bozeramaile Batzordean, bizikidetza batzordean landu gabe, eta ondoren, EAJk gai beraren inguruko beste mozio bat aurkeztu zuen. Guk bi mozioak erretiratzeko eskatu genuen, guztion artean deklarazio instituzional bat adoste aldera, baina ez zuten nahi izan".
Nahiz eta mozioetan jasotzen zenarekin hein handi batean ados egon, eztabaidan ez parte hartzea erabaki zuten Irabazi Zarautzeko bi ordezkariek, bide hori ez datorrelako bat bizikidetza batzordearen oinarriarekin. "Eraikiz-en bildutako biktimek eskatutakoari jarraiki, gure ardura adostasunak lortzea da, aho batez adierazteko hilketak gaizki egon direla; biktima guztiak aitortzeko, inongo diskriminaziorik egin gabe eta bizikidetza bermatzeko printzipio eta baloreak adosteko", dio De Benitok.
Irabazi Zarautzeko ordezkarien arabera, udalbatzarrean elkarri gauzak arpegiratzeak ez du adostasunak bilatzen lagunduko. Horregatik erabaki zuten ez parte hartzea. Halaber, argitu dute hartutako erabakia, udalbatzarretik ateratzearena, Irabazi Zarautzen erabakia izan zela, eta ez duela zerikusirik EH Bildurenarekin—koalizioko ordezkariek ere ez zuten parte hartu mozio horietan—.
Gainontzeko alderdi politikoei, eta bereziki Udal Gobernua osatzen duten bi taldeei, dei egin diete gaiaren inguruko adostasunak bilatzeko konpromisoa har dezaten.