Herri galdeketa

2017an galdeketa egiteko Azpeitiaren lekukoa hartu du Zarautzek

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 20a, 08:17

Urola Kostako herrietako ordezkariak, Azpeitiko plazan; tartean, Zarauzkoak.

Azkoitiak, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak udaberrian herri galdeketak egiteko lekukoa jaso dute Azpeitian. Atzo arratsaldean egin zuten agerraldia Urola Kostako herri horietako Gure Esku Dago taldeetako eta galdeketa antolatzeko espresuki sortutako taldeetako kideek.

Joan den ekainaren 5ean Azpeitian egin zen galdeketa antolatzeko sortutako Hitzartu elkarteko kideek herri bakoitzeko ordezkari banari eman zioten lekukoa; hautestontziak eman zizkieten, lekukoa pasatzea irudikatuz. Laxaro Azkune Hitzartuko kideak hartu zuen hitza agerraldian, eta hark esan zuenez, “erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera igarotzeko, eremuz eremu erabakiaren bidea” jorratuko dute.

“Erabakitzeko eskubidea guztion topalekua da. Subiranotasun edo herri antolaketa auziak modu baketsuan, demokraziaren arauak jarraituz eta herritarron parte hartzean sakonduz bideratu behar dira, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, erabakiak herritarron borondatean eta nahieran oinarrituz”, azaldu zuen Azkunek.

Azpeitian egin zuten gisan, eta berme moduan, sinadurak bilduko dituzte sei herrietan, eta gutxieneko bat lortu ondoren deituko dute ofizialki galdeketa, tokian-tokian. Galdeketak antolatzerakoan, Gure Esku Dagoren protokoloa jarraituko dute. Urola Kostako sei herri horietan 56.000 lagun bizi dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide