Gipuzkoako Foru Aldundia Zarautz eta Getaria arteko errepideko horman mantenu lanak egiten ari da. Arrantzale batek jakinarazita, Zarauzko Udaleko Herrilan, Azpiegitura eta Zerbitzuetako sailak Getaria bideko horman, lehenengo tunela eta bigarren tunelaren artean, paretaren egoeraren ikuskapena egin du. Iturri Txiki ondoan, Igerain errekaren irteeratik ezkerreruntz 20 bat metrotara hormak zulo bat duela ondorioztatu du.
Otsaileko itsasaldiaren ondorioz, horma pitzatu eta Getaria bideko zati bat erori egin zen. Orain, neguko itsaso zakarrekin zuloa areagotu ez dadin, zuloa estali eta horma indartzeko lau gunetan lanekin hasi da Mariezcurrena enpresa, aldundiak kontratatuta. Lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute, urte amaierara bitartean. Denbora horretan pasabidea itxita egongo da, eta obrak aurrera joan ahala, tarteka irekiko dute.
Baranda, konponduta
Otsaileko itsasaldiak, era berean, Zarautz eta Getaria arteko bideko baranda zati bat eraman zuen, 300 metro zehazki. Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzak egin ditu dagoeneko konpontze lanak.
