Gazteekin bakegintza landuko dute urriaren 12an

Zarauzko hitza 2016ko urriaren 5a

Zarauzko Gazteri Sailak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatu dute 'Bake Ibilbideak' ekimena

Bakeari eta bizikidetzari buruz hitz egingo dute urriaren 12an Zarautzen, eta gaia ikuspuntu berritzaile batetik lantzea da Zarauzko Gazteri Sailaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren asmoa. Horretarako herriko hiru gunetan solasaldi eta dinamika desberdinak egingo dituzte 10:30etik 14:30era, eta iragana, oraina edo etorkizuna landuko dituzte gune bakoitzean.

Ekimena 18-30 urte bitarteko gazteei egongo da zuzendua, eta bertan parte hartu nahi dutenek urriaren 9a baino lehen eman beharko dute izena o-leizaola@zarautz.eus helbidera idatzita. Zarauzko Udaletik herritarrak saioan parte hartzera animatu dituzte, "seguru nago asko dutela esateko eta elkarbanatzeko. Bakeak guztion beharra du eta!" nabarmendu du Zarauzko Udaleko Gazteri zinegotzi Jon Andoni Urdangarinek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide