Azpeitiko, Errezilgo eta Zarauzko kros mistoekin txapelketa egingo dute aurten aurrenekoz. Horrenbestez, Urola Kostako hiru herrietako krosetan parte hartzen duten eta hiru lasterketetako denborak batuta denbora onena egiten dutenek, I. Kros Mistoen Txapelketako sariak jasoko dituzte. Hiru herrietako krosen antolatzaileek gaur, ostirala, egin dute txapelketaren berri emateko agerraldia. Denek azpimarratu dutenez, proben helburuak dira “emakumeak kirola egitera bultzatzea eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzea”
Lehen lasterketa mistoa Azpeitian izango da urriaren 29an. Aurtengoa VII. edizioa izango da, eta Euskal Herria nazio bat, selekzio bat lelopean egingo dute. Plazatik abiatuko dira bikoteak, 18:30ean eta 6,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Dagoeneko zabalik da izen-ematea, eta Azpeitiko Aitzaki kirolaken, Aradi-Robers kirolaken, Santi Lazkanon eta Mugi kirolaken, Azkoitiko PB Sporten, Zarauzko Helmuga kirolaken eta www.herrikrosa.com-en. Lasterketaren amaieran sariak banatuko dituzte, eta lehen hiru bikote sailkatuek oroigarri bana jasoko dute. Horrez gain, azpeitiarrek osatutako lehen bikoteari ere saria emango diete.
Azpeitira lasterketan parte hartzera etortzen direnek doan aparkatu ahal izango dute autoa, Soreasuko estalitako aparkalekuan. Gainera, 0 eta 8 urte bitarteko haurrentzat ludoteka zerbitzua eskainiko dute arratsaldean.
Errezilgoa eta Zarauzkoa, ondoren
Errezilen iaz egin zuten aurreneko kros mistoa, eta emaitzarekin gustura gelditu zirenez, bigarrenez antolatzea erabaki dute. Azaroaren 20an izango da 5,5 kilometroko proba, 12:00etan, Goiko Plazatik hasita. Zarauzkoa, berriz, abenduan izango da. Herri horretakoa da probarik zaharrena; izan ere, aurtengoa 38. edizioa izango da. Abenduaren 4an, igandez, egingo dute aurten 7,5 kilometroko lasterketa. Zarauzko lasterketaren ostean banatuko dituzte I. Kros Mistoen Txapelketako sariak.
Hainbat arau jarri dituzte I. Kros Mistoen Txapelketarako. Hiru lasterketatan bikote berak atera beharko du, txapelketan parte hartu ahal izateko. Dena den, aldaketak onartuko dituzte baldin eta lesioak badira tarteko. Kasu horietan mediku txostena aurkeztu beharko da. Hiru lasterketetan parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharrik, baina Azpeitiko eta Errezilgo probetan parte hartzen duten bikoteek 5 euro soilik ordaindu beharko dituzte hirugarren lasterketan, Zarauzkoan, parte hartzeko.