Hasierako onespena eman diete 2017ko Ordenantza Fiskalei

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 30a, 18:45

Imanol Urbietaren omenezko isilunea, 'Txoria nintzela' abestiarekin (Aritz Mutiozabal).

Atzo egin zuten iraileko osoko bilkura; saioa hasi aurretik bi herritarrek hartu zuten hitza, eta, jarraian, Imanol Urbieta zenaren omenez, Txoria nintzela abestia jarri zuten udal batzar aretoan.

Udal Gobernu taldeko (EAJ eta PSE-EE) ordezkarien aldeko botoekin hasierako onespena eman zieten 2017ko Ordenantza Fiskalei, osteguneko udalbatzarrean; oposizioko bi alderdiek, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, aurka bozkatu zuten.

Aldaketa eta berrikuntza nabarmenenak:

  • Hainbat tasek %0,7ko igoera izango dute; tasa sozialei ez zaie igoerarik aplikatuko.
  • Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekargua %100eko izaten jarraituko du, baina aldaketak daude etxebizitza hutsak izendatzeko orduan finkatu ziren energia kontsumoaren parametroetan: 554tik 300era jaitsiko dute.

  • Zaintza pertsonalak behar dituzten mendeko pertsonen jabetzako etxebizitzak hutsik geratzen badira, baina pertsona hori bere familiarekin bizitzera joan bada, salbuepen gisa ez zaio errekargurik aplikatuko.
  • Plusbalioa %12tik %10era jaitsiko da. Uztailean katastroa balio jaitsi zuten, eta batez besteko antzekoa jaitsiko dute honetan ere.
  • Familia errenta estandarizatuaren kontzeptua –familia mota ezberdinak, seme-alaben kopurua, ezgaitasuna dutenak eta abar– hartuko dituzte kontuan hobarietan; hauek %90era iritsi daitezke.

  • %60ko hobaria izango dute auto ekologikoek (ibilgailu elektrikoak, elektriko-hibrido entxufagarriak eta halakoak); %40ko hobaria ibilgailu hibridoetan eta gasezkoetan.
  • %3ko tipoa sortu dute erabilera publikokoak diren baina gune pribatutan egiten diren obretarako.
  • Hainbat gizarte zerbitzuren tasak jaitsiko dituzte. Indarkeria matxista jasaten duten emakumei zuzendutako harrera apartamentuak ez dira ordaindu beharko, ez dute tasarik izan.

 

Irabazi Zarautzek boto partikularra aurkeztu zuen, zenbat aldaketa eta ekarpen proposatuz Udal Gobernuak aurkeztutako ordenantzetan, baina ez zen onartu. EH Bilduren babesa izan bazuen ere, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Oposizioko bi alderdiek, besteak beste, zerga eta tasak izoztearen alde agertu ziren.

Herritarren hitza

Udalbatzarra hasi baino ordu erdi lehenago bi herritarrek hartu zuten hitza. Alde batetik, Antonio Cabanillasek Santa Klarako lur azpiko pasabidearen proiektuari buruzko azalpenak eskatu zituen, eta Xabier Txurruka alkateak irudi muntaien bitartez azaldu zizkion. Bestetik, Koldo Olaziolak hartu zuen hitza, Torreoia Bizirik talderaen izenean: Gabriel Arestiren testu bat irakurri zuen, gerora EH Bilduren eta Irabazi zarautzen bitartez Torreoia Bizirikek aurkeztu zuen mozioaren atariko moduan. Mozioarekin Denboraren parkea proiektuarekiko konpromisoa hartzeko eskatu zioten udalari, eta Xabier Txurruka alkateak erantzun zien eskatutakoa abian dela eta ez dagoela utzita nabarmenduz. Hiru puntu zituen mozioak eta banaka bozkatu zuten, PSE-EEk hala eskatuta: lehenengo biak ez ziren onartu, EAJ eta PSE-EEren aurkako bozkarekin, eta azken puntua aho batez onartu zen.

Bilkuraren hasieran zendu berria den Imanol Urbieta izan zuten gogoan. Isilunea egin zuten, Txoria nintzela abestia jarrita. Era berean, Jose Benito Mujika Xenki, Enrique Rua Ruiz eta Rafaek Gil Martin hilketak gogorarazi zituzten, haien familiei elkartasuna adieraziz.

Onartu zituzten beste gai batzuk: Garapenerako Lankidetzraen eta Hezkuntzaren Ahlku Batzordea sortzearen hasierako onespena (aho batez); Zarauzko Udalaren kontratazio mahai iraunkorra sortzea eta osatzea, oposizioko alderdien parte hartzearekin (aho batez); eta Aldapetako Plan Bereziaren aldaketaren behin betiko onespena (EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautz, alde; EH Bildu, aurka).

Era berean, PSE-EEk urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen, irailaren 28a Abortu Seguruaren Nazioarteko Eguna izendatzeko eskatuz, baita egungo abortu legea indargabetzeko eta 2010eko legea errekuperatzeko eskatuz ere. Mozioa aurrera atera zen aldeko 18 botorekin (EAJk 8, EH Bilduk 6, PSE-EEk 2 eta Irabazi Zarautzek 2); Xabier Txurruka alkatea (EAJ) abstenitu egin zen, eta Jonan Urdangarin zinegotziak (EAJ) aurka bozkatu zuen.

Saioaren bukaeran, EAJko kide Imanol Lasak zinegotzi kargua utzi zuen, hiru agintaldi egin ondoren.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide