Imanol Urbietaren heriotza

Zarauzko Udalaren doluminak Imanol Urbietaren familiari eta gertukoei

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 28a, 20:22

Ondorengo oharra helarazi dute musikagile eta irakasle zarauztarraren inguruan.

"Imanol Urbieta (1934, Zarautz) zarauztarra zendu da eta Zarauzko Udalak familiari eta gertukoei doluminak helarazi nahi dizkie. Asko zor diogu musikari eta irakasle zarauztarrari eta berak utzitako altxorra gurekin izango dugu betiko. Zarauzko Udalak 1996ko uztailaren 24an Kultur Merezimenduei Domina eman zion Urbietari, kulturan egindako ekarpen oparoagatik. Zarauztarrak, batez ere, haurrentzako musika egin zuen eta haur askok eta askok egun ere abesten dituzten MacMikel, Jon Braun, Ran rober ran edo Txoria nintzela abestien sortzaile izan zen, besteak beste. Zarauzko ikastolako, La Salle ikastetxeko eta Antoniano eskolako irakasle izan zen eta 1974ean Xirula Mirula musika eskola sortu zuen Zarautzen. Bertan 500 haur biltzen ziren musika ikasteko eta hortik hasi ziren Xirula Mirula eta Xixupikaren lehen fruituak ematen. 1970-1980 hamarkadetan kaleratu zuen bere lehen lan pedagogikoa: Xirula Mirula liburua eta lau kaset. Urte haietan guztiz txalotuak izan ziren musika eskolako haur eta gaztetxoen agerraldiak herriko jaietan, irratsaioetan, kantuan eta ipuin kontaketan, Lehen Jaurnartzetan, Atotxako futbol zelaian... Gainera, Donostian, Xirula Mirula, Musika Hezkuntzarako Saialekua eraiki zuen, haurrekin esperimentatzen jarraitzeko eta ikerketa lanak egiteko. Halaber, eskolaurrean euskara, musika eta psikomotrizitatea lantzeko hamabi bideo prestatu zituen. Irakasleei zuzendutako ikastaro mordoa ere eman zuen Urbietak, Euskal Herrian, Estatu Espainolean eta Argentinan. Zarauzko Udalak 2013an musika eskolari Imanol Urbieta izena jartzea erabaki zuen, musikari zarauztarra omentzeko asmoz".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide