Imanol Urbietaren heriotza

Imanol Urbieta musikari eta irakasle zarauztarra hil da

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 28a, 12:36

Imanol Urbieta bere omenezko diskoaren aurkezpenean

Hileta elizkizuna ostiralean izango da Zarauzko San Joan Bataiatzailea Aita Frantziskotarren elizan 19:30ean.

Gaur eguerdian hil da Imanol Urbieta musikari, konpositore, pedagogogo eta irakasle zarauztarra 82 urterekin. Hileta elizkizuna ostiralean izango da Zarauzko San Joan Bataiatzailea Aita Frantziskotarren elizan 19:30ean. Hilbeila Zarauzko tanatorioan dago, gaur 18:00etatik 21:00etara eta bihar 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik hileta elizkizunera arte.

Azken urtetan osasun arazoak izan ditu, eta bere egoerak okerrera egin du. Hori dela-eta, agerraldi publiko gutxi batzuk egin ditu Urbietak azkenaldian. Besteak beste, bere 80. urtebetetzean Santa Zezilia Egunez, herriko musikariek omenaldia egin zioten, eta hunkituta agertu zen Urbieta. Horretaz gain, Salbatore Mitxelena Ikastolak 2014ean omendu zuen musikari eta ikastolako irakasle ohia.

2013an Bakarrik eta libre diskoa kaleratu zuten bere omenez Urbietak sortutako 14 abesti moldatuta. Izan ere, oso maitatua izan da beti herrian, eta Urbietak egindako lana ezaguna eta aitortua da Euskal Herri osoan zehar. Azken hamarkadetan haur asko bere kantuekin hazi dira, eta herritar askoren soinu banda osatzen dute Urbietak sortutako abestiek.

- 2014ko azaroan, Imanol Urbietak 80 urte bete zituen egunean, Zarautzen omenaldia egin zioten. (Omenaldia irudietan).

- 2014ko apirilean, berriz, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolaren omenaldia jaso zuen. Bertan, 1972 izeneko antzezlana egin zuten, Urbietaren ikasle ohiek eta semeetako batek. 1972. urteko ikasgela bat irudikatu zuten, eta Urbieta irakasle zeneko pasarte bat antzeztu zuten.

 

Albistea eguneratzen joango gara egunean zehar.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide