«Lortu dut arantza kentzea»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko irailaren 27a

Mikel Lopetegi 'Urra' erdian, txapoelarekin; haren ondoan, Jon Gisasola eta Aritz Etxeberria (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Mikel Lopetegi ‘Urra’-k 21 urtez azpiko harri jasotze txapelketa irabazteaz gain, Kintopeko marka ontzea lortu zuen larunbatean, 62 altxaldirekin.

Laugarren txapela lortzeaz haratago, Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak Kintopeko marka ontzea lortu zuen larunbatean, Basque Label Fest jaialdiaren barruan antolatutako 21 urtez azpiko harri jasotze txapelketan. Ordura arteko marka 59 altxaldikoa zen maila horretan, hiru harri-jasotzaileek lorturikoa: Iñaki Oliden oriotarrak, Beñat Telleria lasartearrak eta Urrak berak.

«Azken bi urteetan 59n berdindu nuen marka, baina aurtengorako banuen arantza bat: marka hori ondu beharra neukan. Eta lortu dut, eta alde horretatik oso gustura nago», aitortu zuen txapelketa amaitu berritan. Zehazki, 62 altxaldi egin zituen.

Zarauztarrarekin batera, Jon Gisasola mallabiarra eta Aritz Etxeberria ermuarra lehiatu ziren. Parte-hartzaileak bi harrirekin aritu ziren, bakoitzarekin hiru minutuko lanean: alde batetik, 100 kiloko kubikoarekin, eta bestetik, 100 kiloko zilindro zaharrarekin.

Urrak lortu zuen arantza kentzea, baina, aitortu zuenez, «uste baino gehiago» kostatu zitzaion: «Uste nuen zilindroa aldi gehiagotan jasoko nuela eta apur bat sufritu egin dut». Guztira, 38 altxaldi egin zituen zilindroarekin eta 24 kubikoarekin; Etxeberriak 21 zilindroarekin eta 13 kubikoarekin eta Gisasolak 28 zilindroarekin eta 10 kubikoarekin.

«Besteak hasi berriak dira eta, egia esan, ez nuen haien maila ezagutzen. Nik uste dut txukun ibili direla eta harri jasotze polita egin dutela».Oro har, «eroso» sentitu zen zarauztarra Kintopeko txapelketan, eta bukaeran gozatu ere egin zuela nabarmendu zuen: «Zilindroarekin lehenbiziko saioa pixka bat gozakaitza izan da, baina gainontzean gozatu egin dut txapelketa».

Zarautzen jokatzeak, gainera, gehigarri bat baduela nabarmendu du. «Alde batetik, presioa handiagoa da, ezagun askoz gehiago ditudalako herrian. Baina, hala ere, txapela lortuta eta marka onduta askoz ere pozgarriagoa da».


Harri txikiekin lanean

Lopetegik 21 urtez azpiko mailan azken urtea du aurtengoa , eta orain arteko ibilbidearen balorazioa egin du. Hitz bat erabili du horretarako: zortea. «Zortea izan dut. Txapelketa batean berdinketa egin nuen; normalean atzetik egokitu izan zait. Horregatik, zortea izan dut, bestela ez zen posible izango lau txapela lortzea». Aurrera begira ere, beste maila batean, lanean jarraituko du: «Harri txikietan txapelketa asko izaten dira urtean zehar, udan gehienbat, eta nire asmoa horretara buru-belarri dedikatu eta lan onak egitea da».

Erlazionatuak

Irudietan: Kintopeko txapelketa

Zarauzko Hitza 2016 ira 25 Kirola

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide