Espainiako Itzuliaren 13. etapa ostiralean pasatuko da Urola Kostatik –Zarauztik 14:14an igaroko direla aurreikusten da–, eta txirrindularizaleek nazioarte mailako txirrindularirik onenak eskualdeko errepideetan barrena ikusteko aukera izango dute.
Ostiralean, irailaren 2an, Bilbotik abiatuko dute lasterketa txirrindulariek, eta Nafarroako Urdazubi-Dantxarinean amaituko dute ibilbidea. Bidean N-634 errepidetik igaroko dira, eta Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio zeharkatuko dituzte; ondoren, Orion Igeldorako bidea hartuko dute.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, itzuliko etaparik luzeena izango da etzikoa, denera 214 kilometro osatu beharko dituzte parte-hartzaileek. «Txirrindularientzat nekagarria, hankak hausten dituen horietako etapa izango da». Denera lau gain igo beharko dituzte, eta horietako aurrenekoa Orio eta Igeldo mendia lotzen dituena izango da; 5,3 kilometroko malda igo beharko dute, batez beste %6,3 aldapa duena.
Aldaketak zirkulazioan
Etapa N-634 errepidetik pasatuko denez, zirkulazioan hainbat aldaketa izango dira ostiral eguerdi partean. Alde batetik, Nafarroa kalea –N-634 errepidea– ibilgailuentzat itxita izango da 13:10etik lasterketa igaro arte.
Bestetik, La Guipuzcoanaren autobus zerbitzuko linea batzuetan atzerapenak eta aldaketak eragin ditzake. Zarauztik 14:05ean irteten den zerbitzuak Etxetxiki kalean (suhiltzaileen ondoko biribilgunean), Araba kalean (kiroldegi aurreko biribilgunean) eta Bizkaia kalean (Salbideko biribilgunean) egingo ditu geltokiak. Azkoititik 13:05ean irteten den zerbitzuak ere Bizkaia kalean, Araba kalean eta Etxetxiki kalean egingo ditu geltokiak Zarautzen.