Gaur goizean aurkeztu dute Desioak Sutan ekimena Zarauzko udaletxean. Bertan izan dira Xabier Txurruka alkatea, Kooperazioko zinegotzi Pablo Garcia, Kuartangoko alkate Edu Gonzalez Pinedo, Euskal Fondoko Sahara Koordinazio Unitateko arduradun Itziar Iturri eta Saharautzeko presidente Xabier Euzkitze.
Aurten, Aian, Arabako Kuartango herrian eta Zarautzen egingo dute Sahararen aldeko elkartasun ekimena, eta Aia izango da lekukoa hartuko duen lehen herria. Zarautzen, abuztuaren 17an, Aste Nagusiaren barruan egingo dute Desioak Sutan ekimena. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, urtez urte "indarra hartzen" joan da saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen elkartasun ekimena, eta aurten ere ekitaldian parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Piztu eta utzi desioari hegan egiten lelopean, herritarrek beren desioak piztu eta aireratuko dituzte. Dena dela, ekimenean biltzen diren guztiek desio amankomuna izango dutela ere nabarmendu du alkateak, "gure desioa Saharar herriak askatasuna lortzea izango da".
Ekimenean lortzen den dirua Saharautz elkartearentzat izango da. "Zarauzko Udalak egiten duen ekarpenarekin oso eskertuta gaude. Saharan behar handia dute, eta bultzada hau oso garrantzitsua da sahararrentzat" adierazi du elkarteko kide Xabier Euzkitzek.
Hainbat aldaketa
Aurten hainbat aldaketa izango dira Zarauzko Desiotan Sutan ekimenean. Alde batetik, aurten iaz baino su-bola gutxiago aireratuko dituzte. Saharautzeko presidenteak aurkezpenean adierazi du, orain arte urtez urte su-bola kopurua igo egin dela, "baina aurten segurtasun arduradunek kopurua jaisteko gomendatu" dietela. "Horregatik, lau milatik, 2.800ra jaitsiko dugu su-bola kopurua".
Bestalde, aurten su-bola bakoitzaren prezioa hiru eurotara igo dute. Euzkitzek argitu du Saharautz elkartetik egindako eskaria izan dela. Dena dela, ez dute diru gehiago biltzeko helburuarekin egin, igoerarekin "ekitaldian herritar gehiagok parte hartzea" lortu nahi dute. Orain arte euro batean saldu izan dituzte su-bolak, "eta bazen jendea hamabost edo hogei su bola erosten zituena. Azkenean milaka lagunek parte hartu beharrean ehunka batzuek bakarrik parte hartzen zuten". Prezioa hiru eurotara igota, uste dute jendeak su-bola gutxiago eskuratuko dituela, eta herritar gehiagorengana iritsiko dela ekimena.
Horretaz gain, zehaztu dute ekimena abuztuaren 17rako aurrikusita badago ere, egun horretan eguraldiaren baldintzak egokiak ez badira, hurrengo egunera pasatuko dutela ekitaldia.