Euskaldunek jatea izugarri gustuko dutela eta normalean jai guztiak mahai inguruan ospatzeko ohitura dagoela topiko bat bilakatu da. Hori dela eta, Euskal Herrian badira gutizia ugari dauden makina bat txoko. Batzuek hotzarekin eta katilukada bat txokolate berorekin lotuko dituzte txurroak, beste askok uda sasoiko produktutzat joko dute, berriz.
Herriko jaiekin batera txurrogileen postuak jarri ohi dituzte batean eta bestean. Zarautzen, uda denboraldia hastearekin batera, txurroen usaina barreiatzen da kaleetan barrena; Nafarroa kalean dagoen Teodoro Malo txurrogilearen San Miguel postutik zabaltzen den usaina da.
Zarautzen maitatua da Malo, herritar batzuk uztaila hastearekin batera, bera noiz iritsiko zain egoten dira: "Ni heltzeko zain izaten dira batzuk txurroak jateko. Eskuzabalik eta irribarrez hartzen naute". Bezero gehienak herrikoak dituela eta elkarren artean "giro aparta" dutela azpimarratu du Malok.
Txurrogileak 40 bat urte daramatza Zarautzera etortzen, 23 urte zituela etorri zen lehenengoz. "Bizitza bilatu behar izaten genuen aurrera jarraitzeko eta Zarautzek ordurako bazuen ospea, hona etorri eta ordutik hementxe gabiltza urtero", dio Malok.
Txurroak txokolatea du lagun, baina beraiek ez dute txokolatea eskaintzen inguruan kafetegi ugari daudelako: "Herrikoak bertakoak errespetatzeagatik ez dut txokolatea eskaintzen, itsusikeria bat dela uste dut, azken batean beraiek urte osoan baitaude hemen, eta ni ez".
Txurroek ondo frijituta egon behar dutela dio Malok. "Joan den neguan bitxikeria bat pasatu zitzaidan; familia batek txurro zuriagoak eskatu zizkidan, eta nik barkatzeko baina nik egiten dudan modua hori dela erantzun nien. Erosi gabe alde egin zuten". Argi du nolako txurroak egin eta eskaini nahi dituen.
Ahal duen artean
San Miguel familia enpresako bigarren belaunaldikoa da Teodoro Malo. Oso gustukoa du txurroak egin eta horiek saltzea. Gaur egun 67 urte ditu, erretiroa hartzeko inongo asmorik ez du, ordea. «Tratu bat egin dut emaztearekin, dena ondo badoa txurroak egin eta saltzetik zuzenean hilobira joango naiz». Umorea ere ez zaio falta.
Zarautzen igaroko duen sasoi honetatik eta urtea bukatu artean espero duena da: osasuna, zoriontasuna eta jendeak estimatzen jarraitzea.