Uztailaren 15ean, ostirala, Sevillatik (Andaluzia, Espainia) koru berezi bat iritsiko da Zarautzera. Angel de Urcelay abesbatza izango da. Ekitaldia parrokian izango da arratsaldeko 19:00etako mezan; hileta elizkizunik izango balitz, Frantziskotarren elizan, 19:30eko mezan. Bertan, Mozart, Griesbacher edota Händel musikari handien lanak entzuteko aukera izango da.
Bestalde, uztailaren 16an, larunbata, gaueko 22:00etan Frantziskotarren elizan Zarautz Abesbatzak eta Sevillako taldeak elkar ekintzan arituko dira Urzelairen omenezko kontzertuan.
Elkarlana egiteko beta Jaione Eskuderok, Zarauzko Abesbatzaren zuzendariak, abenduan jaso zuen dei baten ondorio izan da. Azaldu duenez, pozez hartu zuen gonbita.
Askorentzat Urzelairen izena ezaguna ez den arren, Zarautzen jaio zen, eta 60ko hamarkadatik aurrera bere lanak musika arloan garrantzi handikoak izan dira. Makina bat kontzertu eskaini izan zituen zuzentzen zuen abesbatzarekin eta 1965ean maila nazionalean abesbatzen lehen saria eskuratu zuen.