Uda ekitaldiz beteta dator. Eguerdian hurrengo hilabetetako egitarauaren berri eman dute Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak eta Xabier Txurruka alkateak. Zehazki, Dama parean, hondartzan egin dute agerraldia, sasoi honetan askotariko jardunaldiak izango diren gunean. Larrañagak adierazi du orain arte arrakasta izan duten ekitaldiak mantentzeaz gain, askotariko berrikuntzak gehitu dituztela udalak, Zarauzko Turismo Bulegoak, Jaien sailak zein beste hainbat eragilek. Helburua da uztailean, abuztuan zein irailean "aspertzeko aukerarik ez izatea". Sanpelaioen ondoren jarriko du turismo bulegoak eskuragarri egitarau osoa, bost hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez.
Txurrukak aipatu ditu ekitaldi esanguratsuenak. Aipamen berezia egin dio aurtengo Aste Nagusiari. "Zarauzko Udalak apustu sakona egin du aurten amabirjinei bultzada emateko. Festa horiek biziberritu beharra zegoen". Lehen abuztuaren 14tik 16ra izaten ziren eta aurten, berriz, 13tik 21era ospatuko dituzte. Egun horietan, Zarauzko Ikurrina estropadak jokatuko dituzte, Euskotren ligakoa, TKE ligakoa, KAE-1 ligako gizonezkoena eta Gipuzkoako ligako emakumezkoena ; bi su artifizial saio; Desioak sutan Sahararentzat elkartasun jaialdia; Garden musika eta dantza jaialdia, Alos Quartet, Oreka TX eta Aukeran taldeen eskutik; I. Zarautz Uda Music Festival eta Los Secretos taldearen kontzertua. Cadena 100 irrati katearen eskutik etorriko da talde hori hilaren 18an, Dama parean kontzertua ematera.
Aste Nagusiaz gain, bestelako jardunaldiak ere izango dira estreinakoz Zarautzen udan: Zarautz Beer artisau garagardoaren jaialdia abuztuaren 4tik 5era; txakur kirol proba uztailaren 9an; Zineleku jaialdiaren barruan, hainbat film eta zuzendari esanguratsu izango dira uztailaren 23tik 25era eta Reala eta Vila-realen lagun arteko futbol partida hilaren 23an, kasu. Era berean, 23. Kalerki kaleko antzerki topaketak indartu egin dituzte; uztailaren 7tik 9ra izango da. Txakolin Eguna, berriz, abuztuan egingo dute aurten, 28an, zehazki.
Gainontzean, ohiko jardunaldiak izango dira, besteak beste:
- III. SUP Race txapelketa (hilaren 2-3an)
- XIII. Txaparrotan (uztailaren 2-3 zein 9-10eko asteburuetan)
- Jose Mari Illarramendi Halterofilia Kriteriuma (uztailaren 16ean)
- Saski Basque 3X3 Zarautz txapelketa (hilaren 15etik 17ra)
- Emakumezkoen 8. Pala Txapelketa (uztaileko bigarren hamabostaldian)
- Getaria-Zarautz 46. Itsas Zeharkaldia (hilaren 31ean)
- Vista Alegre jaiak (uztailaren 8-10ean)
- XV. Bertso Astea (uztailaren 14-16 bitartean)
- Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa (uztailaren 17an)
- Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaiak (abuztuak 8-12)
- Zarauzko 28. Musikaldia (abuztuaren 5ean, 12an eta 26an)