EH Bilduk Visesa erakunde publikoaren, Zarautz Lur udal erakundearen eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetzaren kontra bozkatu du. Apirileko osoko bilkuran onartu zuten gehiengoz akordio hori, eta EH Bilduk argitu du zergatik ez duen babestu. Koalizioaren arabera, urbanizazio zein etxebizitzen lanak Visesak egingo baditu ere, proiektuak "helburu sozialen galera" izango du. Bestalde, elkarte publikoa izanda ere, EH Bilduk gogoratu du udalak lur saila salduko diola Visesari etxebizitzak sustatzeko, eta ondorioz, erakundeak jabetza galdu egingo duela. "Etxebizitza politikan atzera egiten da".
Koalizioak adierazi duenez, aurreko proiektuarekin, jabetza Zarautz Lur elkartearena zen eta lanak lehiaketa bidez aukeratutako enpresa eraikitzaile bati esleituko zitzaizkion. Hala, sustapenaren amaieran jabetzak, bai etxebizitzena eta baita lokalena ere, publikoa izaten jarraituko zuen. "Azalera eskubidea ematen zitzaien 48 etxebizitza tasatuei eta gainerako babes ofizialekoak alokairuan jarriko zituen Zarauzko Udalarenak ziren", argitu dute. Proposamen berriarekin, aldiz, ez dela hori gertatuko aurreratu dute: "Hasieran jabetza publikoa da eta jabetza pribatuarekin amaitzen da. Tasatuak ere jabetzan ematen dira. Lokalak, berriz, fundazio pribatu bati ematen zaizkio jabetza osoan".
Hitzarmen berriarekin, 60 etxetik 50era jaisten dela diote, "eraikigarritasuna jaitsi gabe eta hiru solairu gheiago emanaz eraikinari". Horrez gain, logela bat, bi edota hiru logelako etxebizitzak egin beharrean, hiru logelako etxebizitza gehiago egongo direla gaineratu dute EH Bilduko ordezkariek. Horrenbestez, "etxebizitzak handiagoak eta garestiagoak" izango dira koaliziaren arabera. "Helburu soziala kolokan geratzen da, beraz. Aurreko proiektuarekin bermatuta zegoen babes ofizialeko 12 etxe alokairuan jartzea, tasatuen prezioa egungoa baino merkeagoa izatea eta urbanizazio guztia eginda gelditzen zen", diote. Egun horren "bermerik" ez dagoela nabarmendu dute, eta hirigintza arduradunaren txostenean ere "arrisku" hori aipatzen dela.
"Bermerik gabe"
Koalizioak gogoratu du EH Bilduren baldintzetako bat eremua urbanizatzea zela, eta horrekin Vista Alegreko igogailua egitea, galtzada berritzea, ur biltegitik Salbide eta Alde Zaharra hornitzeko instalazio berria egitea zein Santa Ana egoitzako sarrera egokitzea aurreikusi zela.
Aurreko agintaldian idatzi eta onartutako urbanizazio proiektuaren aurrekontua 2,4 milioi eurokoa zen. Oraingoa, berriz, 1,6 eurokoa da, koalizioak jakinarazi duenez. Hortik gorako kostua, ordea, udalak bere gain hartu beharko duela dio EH Bilduk. "Hitzarmena inongo egitsmo berririk idatzi gabe onartu da. Ez udalak ezta Visesak ere, ez dute bermerik hori beteko denik. Are gehiago, udal teknikariek idatzitako txostenean arrisku horren berri ematen da eta bermerik gabe halako hitzerman sinatzeak duen arriskuaz ohartarazten du", gaineratu dute.
Horregatik guztiagatik bozkatu du hitzarmenaren kontra:"jabetza pribatizatu egingo delako; etxebizitzak garestiagoak izango direlako; alokairurako aukera gutxiago izango delako eta udalak arrisku ekonomiko bati inongo bermerik gabe baietz esan diolako".