Gipuzkoako finantzen kontseiluan bildu ziren aldundiko eta udalerrietako ordezkariak. (Aldundia)
Gipuzkoako Foru Aldundiak herenegun jakinarazi zuenherrialdeko udalerriek aurreikusitakoa baino 7,4 milioi euro gehiago jasoko dituztela Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik. Izan ere, 2015ean %1,7ko hazkundea izan zuen funts horrek.
Udalerri guztien artean, 429,5 milioi euro jaso zituzten funts horretatik 2015ean, eta orain diru gehiago jasoko dute, likidazioa egin ostean espero baino diru gehiago zutelako. Guztira, beraz, 437 milioi euro bildu zituen funtsak 2015. urtean.
Urola Kostako udalek 7,4 milioi euroetatik 750.000 euro eskuratuko dituzte. Udalerri bakoitzak banan-banan honakoa jasoko du: Aiak, 20.727 euro; Aizarnazabalek, 8.452 euro; Azkoitiak, 116.197 euro; Azpeitiak, 147.031 euro; Beizamak, 3.148 euro; Errezilek, 6.752 euro; Getariak, 27.261 euro; Oriok, 55.786 euro; Zarautzek, 228.761 euro; Zestoak, 37.070 euro; eta Zumaiak, 97.102 euro.
Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu Jabier Larrañagak joan den astean jakinarazi zituen likidazioari dagozkion datuak, eta udalek otsailaren 25ean jasoko dute dagokien dirua.
2014an baino gehiago
Gipuzkoako udalek 2014an baino 19 milioi euro gehiago jasoko dituzte Foru Funtsetik, 2014tik 2015era %4,32 igo baitzen funtseko diru kopurua. Eta udalen finantzaketarako funtsaren banaketa, aldundiak jarritako koefiziente baten araberakoa izaten da.
Irakurketa baikorra
Datuez balorazio «baikorra» egin du Larrañagak, eta nabarmendu du "albiste ona" dela Gipuzkoako udalentzat. Hala eta guztiz, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die udalei, "nazioarteko eszenatokian dauden ziurgabetasunak horretara behartzen gaituzte eta".
Gainera, Gipuzkoako Ogasunak udalei esan die Foru Funtsetik jasoko duten dirua gordetzeko, Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak kupoaren inguruan dituzten desadostasunak tarteko. Izan ere, akordiorik ezean, baliteke udalek Espainiako gobernuari 23,6 milioi eurora arteko zenbatekoa ordaindu behar izatea kupoagatik.
Udalak, kezkatuta
Azken egunetako albisteek zapore gazi-gozoa utzi die bailarako udalei, eta zuhurtziaz jokatzea besterik ez zaie gelditzen. "Errezilek 6.752 euro jasoko ditu, baina diru hori gorde beharra dugu; aldundiak ere hala gomendatu digu", esan du Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak.
Iritzi berekoa da Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea: "Aldunditik jasoko ditugun 37.070 euroentzat ez dugu partida zehatzik. Gainera, kupoaren kalkulua atera dugu, eta 107.000 euro ordaintzea tokatuko litzaiguke".
Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Ogasun batzordeburuak esan duenez, "diru hori udalarena da, eta orain arte bezala, zuhurtziaz jokatuko dugu. Dena den, herritarren beharren araberakoa izango da diru horren erabilera; haiek markatuko digute bidea".