Nerea Arrien Elordi da aurtengo Lizardi Sariko irabazlea.
Erabaki dute XXXIV. Lizardi Sariko irabazlea, Nerea Arrien Elordiren (Lekeitio, 1976) Pentsatzeko txokoa lana da. Narrazio lan horrek, "errealismo berriaren ildotik, gaur egungo familia-egitura eta harremanak islatzen ditu, eta, ezin hobeto, eskola eta eskola giroa". Azaldu du Yolanda Arrieta, Alexander Gurrutxaga eta Mire Agur Meabek osatutako epaimahaiak. Izenburuari jarraituz eraikitako fikzio lanak "pentsatzeari egiten dio gorazarre, modu ironiko eta dinamikoan, Deba neskatoaren bitartez", gaineratu dute.
Narrazioan informazioa "modu dosifikatuan" ematen dela ere azaldu du epaimahaiak, "pertsonaien akzioen bidez, esaldi laburrekin eta eritmo bizian, zatika osaturiko egitura ondo josian eta irakurlearen arreta pizteko jokoez lagunduta".
Nerea Arrienek sari bezala 3.700 euro jasoko ditu, eta bere lana argitaratu egingo da. Zarauzko Udaleko Kultura sailak 2.500 ale argitaratuko ditu, gero Zarauzko ikastetxeetako ikasleen artean banatzeko. Apirilean emango diote saria, eta ordurako argitaratuko dute.
Hamalau lan aurkeztu dira
Aurtengo Lizardi Saria lehiaketara guztira hamalau lan aurkeztu dira.