Transfeminismoa, identitate eta sexualitate ez normatiboak jardunaldiak antolatu dituzte Eskubide Sexual eta Ugalkorren IP Sareak eta Haurralde fundazioak biharko, Zarauzko Sare Feministarekin elkarlanean. Egitasmoaren helburua da transfeminismoaren ikuspegi trasnformatzailetik abiatuz hainbat auziri buruz hausnartzea; besteak beste, espazioen, hetero-arautegiaren eta genero bikotasunean bizi diren gorputzen inguruan. Antolatzaileen arabera, gizon edo emakume sailkapen klasikoak «estu» geratzen direlako hainbat pertsonentzat.
Era berean, jardunaldi horiekin gizartea «astindu» nahi dute, «arauetara egokitzen ez diren pertsonak lekurik gabe uzten dituela» jakinarazteko.
Horretarako, hainbat ekintza izango dira Aritzbatalde kiroldegiko areto nagusian, egunean osoan. Goizean, Euskal Herriko transfeminismoaren inguruan jardungo dute Medeak, Sare Lesbianista eta Bilgune Feministako ordezkariek.
Bazkalostean, berriz, identitate eta sexualitate ez normatiboen inguruko tailerra eskainiko du Lucas Platero transfeminismoan eta intersekzionalitatean adituak. Jardunaldiak borobiltzeko, transfeminismoan eskarmentu handia duten hainbat pertsonek mahai ingurua egingo dute: Teo Pardok, Zuriñe M. Baztanek, Aitzole Arnetak eta Laia Martinezek, hain zuzen ere.
Gauean, festa
Jardunaldiekin batera, gauean festa transfeminista izango da Putzuzulo gaztetxean, Sare Feministak antolatuta. Besteak beste, luntxa eta kontzertuak izango dira, Las Klitorixx punk taldearen eta Korta y Pega disko-jartzailearen eskutik. Sorpresaren bat edo beste ere izango dela aurreratu dute. Bost euro kostako da sarrera bakoitza.