Donostiako autobus geltoki berriaren inaugurazioa atzeratu egin dute, eta, beraz, autobusen ordutegi eta ibilbide aldaketak bertan behera geldituko dira, momentuz; hala, ohiko ibilbidea egingo dute Azpeitia eta Donostia arteko autobusek-eta. Atzo, osteguna, jakinarazi zuen Eneko Goia Donostiako alkateak inaugurazio egunaren atzerapena, suhiltzaileek egindako hainbat ikerketaren ondorioz ikusi dutelako geltokiko segurtasuna ezin dutela "ehuneko ehun" bermatu. Eta ez dute inaugurazioaren data berria zehaztu.
Zalaparta sortu dute Azpeitia eta Donostia lotzen dituen autobus zerbitzuaren ordutegiak eta ibilbidea aldaketek. Azpeitiko Udalak autobusen aldaketak "bertan behera uzteko" eskatu dio Aldundiari. Autobusaren erabiltzaileen artean ere ezinegona sortu du gaiak. Horren harira, gutuna plazaratu zuen Begoña Elias azpeitiarrak. Herengun, berriz, autobusaren erabiltzaile zestoar batek sinadura bilketa jarri zuen abian Change.org webgunean eta dagoeneko ia 1.500 atxikimendu bildu ditu La Guipuzcoanako autobusek Amarako geltokian geldialdi teknikoa egiteko eskaerak.