Negarrik egiten duten ba al dakidan

Telmo Irureta 2016ko otsailaren 25a

Hamaika proiektutan sartzen diren horietakoak gara Maitena eta ni. Bakoitza bere aldetik batzuetan, elkarrekin bestetan. Orain badugu biona den zerbait esku artean. Erdizka dagoen pelikula bat, sekula bukatuko ez dugula dirudiena. Baina iritsiko da eguna. Iritsiko da momentua. Eta denbora luze honetan egindako lanari oparituko diogun estreinaldia oso ederra izango da. Ez duelako gutxiago merezi hain benetakoa den istorio batek. Nire bizitzako kapitulurik grisena jaso dugu film honetan. Gogoratzen ez dudan arren, ezin imajina dezaket beste kolore batekoa amak pelikularako idatzi zuen testua irakurri ondoren. Grisa da, bai. Grisena.

1991ko uztailean hasi zen amesgaiztoa. Enzefalitisak heriotzarekin mehatxatu ninduen eta, azkenean garaile irten banintzen ere borroka hartatik, garun paralisiak zigortuta nauka ordutik. Zailak suertatu ziren ospitalean pasatu nituen hiru asteak. Gogorrak. Batez ere nire gurasoentzat. Narrazioaren zatitxo batek bisita-ordua baino lehenago iristen zirela dio. Eta, nire gelan sartzen uzten ez zietenez, zain egon behar izaten zutela semetxoa berriro ikusteko. Hantxe gelditzen zen ama. Paretaren beste aldean, baina ahalik eta gertuen. Hormari itsatsita, sugandilen antzera. Nola deitzen nion entzuteko. "Ama… Ama… Ama". Halaxe kontatzen du, normalean ezkutuan daraman goxotasunaren urdin argia utziz agerian. Errealitate gordin ilun honekin kontrastean. Sugandilek negarrik egiten duten ba al dakidan galdetu eta berak ezetz uste duela esaten dit.

Negarrik egiten duten ba al dakidan. Ez, ez dakit. Eta ez dut jakin nahi. Horrela beti izango dira niretzat misterio bat. Zu bezala, ama. Non gordetzen dituzu malkoak? Nola askatzen dituzu eztarriko korapiloak? "Las lagartijas no lloran" bota dut tatuatzaileak besoan sugandila bat marrazten zidan bitartean. Gero konturatu naiz ezin gera nintekeela hori bakarrik esanda. Tontotuta nagoela pentsa ez dezan azaldu diot pelikulako idatziarena.

Eta badakizu zer den bitxiena? Berez ez zaizkidala sugandilak gustatzen. Nazka ematen didate gainera. Honek ez, ordea. Hau asko gustatzen zait. Oso polita da. Txikitxoa. Beltza. Sinbolikoa. Eta kapitulu gris haren inguruan egindako aipamen urdinak datozkit burura. Aitaren begirada tristea adibidez. Lur jota gelditu zen gizagaixoa. Irri egiten dut pozik eta penaz. Zenbat maite nauen! Zenbat maite dudan!

Medikuen ezjakintasunak eta haiengandik jasotako tratu salagarriak markatutako uda batekin hasi genuen guk bide berri bat. Kurbatuagoa. Zalantzaz betea. Oztopoz. Lehengoa bezain barea ez den itsaso batean jaio nintzen bigarrengoz. Ikasi dut igerian, ordea, eta ez dira aski indartsuak hondoratu nahi nauten olatuak. Urritasun fisikoek ezgaitasuna tatuatu didate, baina gurpil-aulkian mugitzen naizen arren, ez nau ezerk geldiarazten.

Badut orain nik aukeratutako tatuaje bat. Bakarrik ez nagoela dioena. Eta zergatik naizen naizena. Sugandila hau nire ama da. Sugandila hau nire aitaren begirada da. Familiak emandako maitasuna. Maite nautenek eskainitako babesa. Sugandila hau berezia da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide