Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek Urolako eta Goierriko suhiltzaile boluntarioak hartu zituzten herenegun, diputazioan. "Luzaroan beraien bizilagunei eta herrikideei emandako denbora" eskertu zieten Markel Olano Ahaldun Nagusiak eta Imanol Lasa diputatuak, eta urte luzez egindako lanaren eskertza jaso zuten. Urolako (Azpeitia), Goierriko (Ordizia) eta Korostiko (Legazpi) parkeetako 20 bat suhiltzaile boluntariok hartu zuten parte omenaldian; eta tartean ziren Urola bailarako zenbait herritar.
Gipuzkoako Aldundia Suak Saihestu eta Itzaltzeko eta Salbamendurako Foru Zerbitzu berria osatzen ari da, eta horrekin eskualdeetako suhiltzaile boluntarioen taldeak desegin egingo dituzte. Horregatik jaso zuten herenegun aldundiaren omenaldia.