Zarauzko Old Blacks futbol taldea (Old Blacks FT).
Old Blacks Zarautz beteranoen futbol taldeak antolatuta, izen bereko txapelketa jokatuko dute lehenbiziko aldiz Zarautzen. Hitzordua bihar eguerdian izango da, Asti kirolgunean. Horren helburua, futbola aitzaki hartuta, kirola eginez gozatzea eta maila bereko taldeekin harremana estutzea dute.
Horrekin batera, Urola Kosta eskualdeko eta Zarauzko aberastasuna ezagutzera ematea du xede ekitaldi horrek. Iker Basurko Old Blacks Zarautz taldeko jokalariak adierazi du helburua, udako eskaintzaz gain, gainobtzeko urte garaietan ere Zarautzen ekintzak antolatzen direla erakustea da, kasu honetan, kiroleko ekintza bat.
Hiruko txapelketa izango da, eta, beraz, hiru taldek hartuko dute parte: etxeko taldeak, Izar Bizkaia FTk eta Cadaques CF-k. Derioko futbol zelaian hainbat partida jokatu dituzte zarauztarrek eta, hori dela eta, orain bizkaitarrak Zarautzera gonbidatzea erabaki dute. Cadaqueseko (Girona, Herrialde Katalanak) futbol taldeko kapitainak, berriz, Zarautzera etorri zen batean izan zuen txapelketaren berri: «Gure babeslea den Naparrak tabernan zegoela jakin zuen txapelketa antolatzen ari ginela eta hasieratik interesa agertu du parte hartzeko. Jokalariez gain, beste hainbat pertsona ere animatu dira etortzera, guztira, 30 bat lagun datoz».
Txapelketako dinamika sinplea izango dela zehaztu du Basurkok. «Egun bakarrean jokatuko ditugu partida guztiak. Horrek balioko digu erakusteko zer ikasi dugun beste txapelketetan».
Zentzu horretan, biharko ekitaldia entsegu moduko bat izatea nahi dute Zarautz Old Blacks taldeko kideek. «Proba honekin abiapuntu bat ezarri nahi dugu, etorkizunera begira mota horretako ekitaldi zabalagoak antolatzeko eskualdean edota Zarautzen bertan. Proba moduko bat izango da biharko, beraz», dio Zarautz Old Blacks taldeko jokalariak.
2012an sortutako taldea
2012an sortu zuten «bizitza osoan» futbolean jokatu duten herriko hainbat lagunek Zarautz Old Blacks beteranoen futbol taldea, eta astelehen iluntzero entrenatzen hasi ziren La Salleko futbol zelaian. Ordutik, lagunarteko zenbait partida jokatu dituzte, Gasteizen, Bizkaian, Logroñon eta baita Zarautzen bertan ere, besteak beste.
Iaz beteranoen mailako Dublingo Social Soccer - Veterans International Tournament txapelketan parte hartzera gonbidatu zuten taldea, eta hirugarren postuan bukatu zuten zarauztarrek. Esperientzia «oso polita» izan zen Basurkoren arabera. «Ikusi genuen hobetzeko hainbat puntu ditugula, baina oso aberasgarria izan zen». Izan ere, Belgikako, Ingalaterrako, Italiako eta beste hainbat herrialdetako jokalariak ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek.
Lagunarteko giro hori sustatzen jarraitzeko asmoa dute. Hala, ostiralean helduko dira bi taldeetako jokalariak zein haien gertukoak eta ongietorria egingo diete zarauztarrek. Naparrak tabernan luntxa eskainiko dute, eta ondoren elkarte gastronomiko batera eramango dituzte afaltzera. Larunbatean, txapelketaren ostean ere sagardotegira joango dira, lagunartean afaltzera.