Ispilu bat herriarentzat

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 4a

ZARAUZKO HITZA webgunea aurkeztuko dute martxoaren 10ean, 19:00etan, Merkatu plazako goiko solairuan. Aurkezpen bideoa asteburutik aurrera izango da ikusgai

UROLA KOSTAKO HITZAko kideak buru-belarri aritu dira azken hilabeteotan Zarautzerako komunikazio-proiektu berri bat sortzeko lanetan. Ereindako hazia loratzen doa, eta datorren astean jaioko da ZARAUZKO HITZAren webgunea: zarauzkohitza.eus. Gisa horretan, aspaldian Zarautzen sumatzen den hutsune edo gabezia handi bati erantzun nahi zaio. «Oso animoso eta pozik gaude proiektuak izan duen harrerarekin eta piztu duen jakin-minarekin», adierazi dute HITZAko arduradunek. Zarautzen egosten den guztiaren ataria izan nahi. Atari erreferentziala. Herriaren ispilu.

ZARAUZKO HITZA zarauztar guztientzat izango da, izan elkarte, eragile edo norbanako, eta zarauztarrekin batera jarri nahi dute martxan, elkarrekin. Horretarako, webgunea aurkezteko eta abian jartzeko, aurkezpen-ekitaldia antolatu dute datorren martxoaren 10ean, ostegunean, 19:00etan, Merkatu plazaren goiko solairuan.

Ekitaldi labur eta arina izango da, baina aldi berean garrantzitsua, Zarautzerako aro berri bat zabalduko duelako. Bertan aurkeztuko da ofizialki zarauzkohitza.eus ataria, Ander Iruretagoiena eta Julen Portillo aktore zarauztarren eskutik. Horrekin batera, komunikazio proiektu berria iragartzeko bideo bat egin dute, eta hori ere ikusteko aukera izango da ekitaldian.

Zarauzko bizilagun Juanfe Garces tolosarra arduratu da ikus-entzunezkoa ontzeaz. Bikain irudikatu du ZARAUZKO HITZAren izaera eta herriarentzat nahiz herritarrentzako izan nahi duena. Bideoa asteburutik aurrera jarriko du sarean ikusgai UROLA KOSTAKO HITZAk.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide