‘Gaueko Entziklopedia Koxkorra’ ikuskizuneko musikariak saio batean (Marc Vila).
Gaueko entziklopedia koxkorra ikuskizun musikatua taularatuko du 2princesesbarbudes Kataluniako taldeak igandean, 16:30ean hasita, Zarauzko Modelo aretoan. Gaueko kontuetan murgilduko da Elena Casas, Marc Marce eta Ildefons Alonso hirukoa, eta familia osoarentzako emanaldia eskainiko dute, clowna, objektuen antzerkia eta poesia bisuala uztartuz.
Pomada eta Conxita taldeko abeslari Helena Casasen eta Marc Marce musikari eta soinu teknikariaren ekimenez sortu zen proiektua. 2006tik ari dira elkarlanean, eta urteotan hainbat disko eta ikuskizun ekoitzi dituzte. 2014an, Enciclopèdia Baixeta de la Nit ikuskizun-diskoa aurkeztu zuten, egileek eurek konposatutako 13 abestirekin. Urte horretan, gainera, euskarara egokitu zuten, eta Gaueko Entziklopedia Koxkorra izenburupean disko-liburua eman zuten argitara, Gaztelupeko Hotsa zigiluaren babesean.
Ainhoa Aranburuk euskaratu eta egokitu du ikuskizuna. Casas taldekideak euskara ikasi zuen Bartzelonako Hizkuntz Eskola Ofizialean, eta Aranburu izan zuen irakasle. Bikoteak jolas gisa hartu zuen erronka, eta egitasmoak aurrera egin zuen.
Musika baxua
Gitarra arrosak, igel-marakak eta plastikozko tronpetak... Jostailu-tresnekin egiten du musika 2princesesbarbudes taldeak. Pop estetika minimalista darabilte, eta beraiena «musika baxua» dela diote: «Baxua, musika tresna txikiekin osatua delako, pilarik erabiltzen ez dutenekin eta ozenegiak ez direnekin. Baxua, txikiek eta handiek gozatzen dutelako. Baxua, xumea eta minimalista delako. Baxua, artisau erara ondua delako».
Abesti denak taldeak idatzi ditu, bi izan ezik; Gaua marrazki bat da Xavi Grimau poeta katalanarena da, eta Ondo lo egin Maialen Lujanbio bertsolariarena. Era berean, Joseba Tapia musikariaren laguntza izan zuten diskorako.
Sarrerak aurretik eros daitezke Sanz Enean, 4 euroan.