[flickr_set id="72157662146407553"]
ZARAUTZ
Alerta gorria iragarrita eta 05:02ean itsasgora zela jakitun, jende ugari bildu da goizaldean Zarauzko Munoa plazan. Sei metro inguruko olatuek nahikoa astindu dute Zarauzko malekoia eta, ikuskizuna eskaintzeaz gain, hainbat kalte ere eragin du. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak lehenbiziko balorazio bat egin dio UROLA KOSTAKO HITZAri. Espazio publikoari dagokionez, ez da “apartekorik” izan. Biotopoari ez dio gehiegi eragin, nahiz eta Desertu Txikiko zein dunako hondar ugari eraman duen. Datozen itsasaldietan gune horretan zer gerta daitekeen adi egon beharko dela nabarmendu du Txurrukak.
Moilan, berriz, txaluparen bat edo beste txikitu du eta eskudel bat bota. Lehenbiziko eta bigarren tunelen bitartean, atseden toki bat ere irauli du eta pareta zatiak apurtu.
Olatuetatik babesteko jarritako oholak apurtu edota eraman egin ditu itsasoak zenbait tabernetatik eta lokal barruetaraino sartu da ura. Taberna kaltetuenak Zarauzko Damatik Gurutze Gorriraino bitartekoak izan dira, besteak beste, Aloha eta Beach. Arraun elkartearen lokala ere gogor kolpatu du denboraleak eta baita Moor surf elkartea ere. Galtzagorri elkarte gastronomikoko kristala ere apurtu dute olatuek.
ZARAUTZ-GETARIA ARTEAN
Getaria eta Zarautz arteko errepidean, oinezkoen bidean eragina izan du denboraleak; zati batzuetan baranda bota du, 100 metro inguruan, eta baita errepidetik bereizteko harrizko hormak ere. Getariako alkate Nika Lertxundik aurreratu du bihartik aurrera hasiko direla konpontzen eta itxita egongo dela oinezkoentzat aldi baterako.
Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepidea zabalik dago une honetan.
GETARIAN
Getarian ere kalteak izan dira kaiaren inguruan, eta udaletxeko langileak eta hainbat boluntario garbiketa lanetan ari dira itsasoak ekarritako hondarra eta hondakinak erretiratzeko. Balearri jatetxea izan da gune kaltetuena. Nika Lertxundi Getariako alkateak jakinarazi duenez, egiturak eutsi dio olatuen indarrari baina beirateak txikitu egin dira.
Zumaia bidean olatuek lokatza eta haitzak ekarri dituzte errepidera. Garbiketa lanek iraun duten bitartean itxita egon da N-634 errepideko zati hori ere.
[flickr_set id="72157662135817154"]
ZUMAIAN Parolpean eragin du kalte gehien, Talaipe eta Kresala artean.
ORION
Orion ez da izan kalte nabarmenik. Area, hondarra eta harri batzuk lekuz mugitu dira; eta segurtasun neurriengatik itxi dute hondartza ingurua.
[flickr_set id="72157662136886244"]
Arratsaldera begira
Arratsaldean ere itsaso zakarra ibiliko da. Alerta laranja iragarri dute itsasaldeko arriskuagatik, 15:00etatik 20:00etara. 17:26ean izango da itsasgora eta une horretan 4,5 metro inguruko olatuak altxatuko dira, 16 segunduroko maiztasunarekin. Goizean aplikatu duten protokolo bera jarriko dute martxan kostako herrietan arratsaldean ere; arrisku gehien duten eremuak itxi egingo dituzte. Lertxundik esan du Zarauzko Udala eta Getariakoa harremanetan daudela uneoro.