‘Zarauzko Hitza’, herrian gertatzen denaren ispilu

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 12a

‘Zarauzko Hitza’ webgunearen beta bertsioa (Hitza).

Urola Kostako Hitza Zarautzerako webgune berri bat sortzeko pausoak ematen ari da, herrian sumatzen duen hutsune handi bati erantzun nahian. Zarautz herri handia, dinamikoa eta euskalduna da, eta talde, elkarte eta eragile ugari ditu, herriaren egunerokoari bizia ematen diotenak. Hausnarketa prozesu baten ondorioz, Hitza ohartu zen Zarautzek ez daukala herrian gertatzen denaren berri emateko eta ispilu izateko webgune propio erreferentzialik.

Eskualdeko herri gehienek dute beren herriari buruzko informazioa emateko komunikazio webgune propio bat: Orion Karkara, Zumaian Baleike, Azpeitian Uztarria, Azkoitian Maxixatzen eta Zestoan Danbolin, esaterako. Zarautzek, aldiz, ez dauka halako tresnarik. Jakina da urolakosta.hitza.eus atarian ematen dela Zarauzko berri, baina Hitzaren zuzendaritzak iritzi dio tresna hori mugatuegia dela herriak sortzen duen informazio guztia jaso eta behar bezala erakusteko. Horregatik, martxoa hasierarako Zarauzko Hitza webgune berria sortuko du.

Urola Kostako Hitzak kudeatu eta elikatuko du ataria, orain arte bezala, baina proiektu honetan ezinbestekoa da beste askoren elkarlana eta laguntza, eta batez ere Zarauzko talde, elkarte, eragile eta zarauztar ororena. Asmoa da zarauztar eta eragile orok izatea bertan bere tokia. Hori dela eta, azaroa eta urtarrila bitartean herriko hainbat eragile eta norbanakorekin bilerak egin ditu Hitzako lantaldeak, proiektuaren berri emateko eta ekarpenak jasotzeko.

Asmoak ezagutaraztearekin batera, webgunearen diseinuarekin eta lan teknikoekin hasiak dira, eta jada beta bertsioa —probak egitekoa— prest dago. Behin betiko bertsioa, berriz, datorren hilerako egongo da erabilgarri, eta orduan egingo da aurkezpena jendaurrean. Proiektuak oso harrera ona izan du, eta erronkari ilusioz eta gogoz heltzeko indarra ematen dio lantaldeari.

ZARAUZKO HITZA

Diseinua

Tokikomen plataforma digitalean oinarrituko da. Tokiko hedabideen ezaugarri eta premiei erantzuteko propio garatutako tresna da, Codesyntax enpresak egina. Horren gainean sortu dira Baleike, Karkara, Uztarria eta Maxixatzen webguneak.

Ezaugarriak

Aktualitatea. Edukiak sailkatzeko bi modu nagusi daude: gaika (kirola, politika...) edo euskarriaren arabera (artikulua, argazki bilduma, bideoa...). Albis­teak bi zutabetan banatzen dira: ezkerrekoa zabalagoa, eskuinekoa estuagoa; webguneko hirugarren zutabea (eskuinekoa) zerbitzuak, komunitatea eta bestelakoa osagaientzat da. Albisteak kronologikoki argitaratzen dira, baina badago garrantziaren arabera antolatzeko aukera. Albiste nagusiak har dezake albistegiaren zabalera osoa edo kasu berezietan, azalaren zabalera osoa.

Komunitatea. Plataforma honek duen berrikuntza nabarmenetakoa. Herriko talde, elkarte eta norbanakoei parte-hartzea errazteko dago pentsatua, beraien albiste, eduki, iritzi edo dena delakoa partekatzeko tresna bat izan dezaten.

Zerbitzuak. Zerbitzu aukera zabala eskaintzen du: eskelak, zorion agurrak, eguraldia, agenda... Horien artean, gida komertzial digitala da garrantzitsuenetakoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide