Brontzezko dominak lortu dituzte Gorka Etxabek eta Oier Ibargurenek

Urola Kostako Hitza 2016ko otsailaren 11

Zarauzko Parking Geltokia taldeko txirrindulari Oier Ibarguren azpeitiarrak eta Gorka Etxabe aizarnazabaldarrak Bordeleko belodromoan (Akitania, Frantzia) izan ziren igandean, pistako Akitaniako Neguko Txapelketan. Biak ala biak txukun aritu ziren lehian, Unai Iparragirre Txipa entrenatzailearen gidaritzapean, eta dominekin itzuli ziren etxera.

Madison proban hirugarren postua lortu zuen bikoteak, brontzea leporatuz; Thomas Boudatek eta Alexis Guerinek osatutako bikoa izan zen garaile. Banaka, Keirin proban, hirugarren postuan sailkatu zen Ibarguren, eta Etxabek haren atzetik bukatu zuen, laugarren postuan.

Parking Geltokia taldea errepidera aterako da larunbat honetan, eta Bokale-Tarnose lasterketa jokatuko du. L'Essor Basque challenge-eko lehen proba izango da; guztira, zazpi probaz osatuta dago, baina Zarauzko taldeak asteburu honetan eta hurrengoan bakarrik hartuko du parte. Eskualdeko hainbat txirrindulari ariko dira taldearekin: Oier Ibargurenekin batera, Jon Agirre zestoarra eta Jokin Aranburu zarauztarra, alegia.

Gorka Etxabek, bere aldetik, Espainiako Irekia jokatuko du etzi Palma Arena belodromoan (Balearrak, Herrialde Katalanak), Euskadiko selekzioarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide