Komunikazio proiektu berri bati heldu dio Urola Kostako HITZA-k, eta Zarauzko webgune propio erreferentziala sortzeko lanean ari da. Martxoaren hasierarako izango da erabilgarri.
UROLA KOSTAKO HITZA Zarautzerako webgune berri bat sortzeko pausoak ematen ari da, herrian sumatzen duen hutsune handi bati erantzun nahian. Zarautz herri handia, dinamikoa eta euskalduna da, eta talde, elkarte eta eragile ugari ditu, herriaren egunerokoari bizia ematen diotenak. Hausnarketa prozesu baten ondorioz, HITZA ohartu zen Zarautzek ez daukala herrian gertatzen denaren berri emateko eta ispilu izateko webgune propio erreferentzialik.Eskualdeko herri gehienek dute beren herriari buruzko informazioa emateko komunikazio webgune propio bat: Orion Karkara, Zumaian Baleike, Azpeitian Uztarria, Azkoitian Maxixatzen eta Zestoan Danbolin, esaterako. Zarautzek, aldiz, ez dauka halako tresnarik. Jakina da urolakosta.hitza.eus atarian ematen dela Zarauzko berri, baina HITZAren zuzendaritzak iritzi dio tresna hori mugatuegia dela herriak sortzen duen informazio guztia jaso eta behar bezala erakusteko. Horregatik, martxoa hasierarako Zarauzko Hitza webgune berria sortuko du.
UROLA KOSTAKO HITZAk kudeatu eta elikatuko du ataria, orain arte bezala, baina proiektu honetan ezinbestekoa da beste askoren elkarlana eta laguntza, eta batez ere Zarauzko talde, elkarte, eragile eta zarauztar ororena. Asmoa da zarauztar eta eragile orok izatea bertan bere tokia. Hori dela eta, azaroa eta urtarrila bitartean herriko hainbat eragile eta norbanakorekin bilerak egin ditu HITZAko lantaldeak, proiektuaren berri emateko eta ekarpenak jasotzeko.
Asmoak ezagutaraztearekin batera, webgunearen diseinuarekin eta lan teknikoekin hasiak dira, eta jada beta bertsioa —probak egitekoa— prest dago. Behin betiko bertsioa, berriz, datorren hilerako egongo da erabilgarri, eta orduan egingo da aurkezpena jendaurrean. Proiektuak oso harrera ona izan du, eta erronkari ilusioz eta gogoz heltzeko indarra ematen dio lantaldeari.